Udaberriarekin batera martxan da berriz ere Lurretik Ikasiz egitasmoa

Ttipi-Ttapa 2025ko mar. 21a, 17:00

Ikasleek Anizko Jauregia Esnekiei egindako bisita.

Ekimenak «tokiko elikadura lantzeak duen garrantzia» erakutsi nahi die eskualdeko ikasleei, «abeltzaintza, nekazaritza eta hezkuntza uztartuz» ekoizleei egindako bisiten bidez.

Udaberria hastearekin bat, Lurretik Ikasiz programa plazaratu dute berriz ere Baztan-Bidasoan. Zazpi dira egitasmoan parte hartzen duten eskualdeko ekoizleak: Lesakako Agorleku gaztandegia, Elizondoko Autxitxia gasnategia, Arizkungo Baztango Xurie (ardoa), Berako Erlanki (eztia), Anizko Jauregia Esnekiak, Etxalarko Maira okindegia eta Zugarramurdiko Martinea baratzea.

Programaren planteamenduaren arabera, lehenik ikasle taldeak lehenbiziko sektorearen eta elikaduraren inguruko lanketa eginen du ikastetxean. Horretarako bortz saiotarako ikasmateriala prestatu dute, adinaren arabera egokitua. Ondotik, klaseak zazpi ekoizleetako bati bisita egiteko aukera izanen du, «haien zereginetan murgiltzeko».

Informazio gehiagorako eskuragarri dituzte hurrengo telefono zenbakiak: 618 33 37 88 (Maialen) eta 633 37 72 37 (Aitor).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun