Iruñeko Alde Zaharreko erremonte txapelketaren hamaikagarren edizioa azken txanpara hurbiltzen ari da eta final laurdenetako ligaxkako seigarren jardunaldia, azkena jokatuko dute martxoaren 21ean, ortziralean 19:00etan hasita Iruñeko Labrit pilotalekuan. Lehen mailako partidan ez da eskualdeko erremontistarik izanen: Zeberio II.a eta Otano, Matxin III.aren eta Ionen kontra ariko dira, baina emaitzari begira egonen dira Malerrekako erremontistak ere, emaitzaren arabera erabakiko baita finalerako zuzenean zein sailkatuko den eta finalerdietan zein ariko diren.
Partida horren aitzinetik, jaialdia hasteko jokatuko den promozio mailako partidan, berriz, Oses eta Agirrezabala, Jon Sagaseta iruritarraren eta Baztanen kontra ariko dira. Hauek ez dute deus jokoan eta bikote berak izanen dira finalerdietan ere. Iturregik eta Mikelarenak lortua dute promozio mailako finalerako txartela.
ADANOren aldeko txapelketa denez, Labrit pilotalekuan jokatuko diren jaialdietako sarrerako dirua minbizia duten Nafarroako haurren elkarte honetara bideratuko dituzte. Sarrerako dohaintza hamar eurokoa izanen da 22 urtez goitikoentzat, bortz eurokoa 16 eta 22 urte bitartekoentzat eta 16 urtez beheitikoak doan sartuko dira.