Indarkeria matxista bizi duten edota bizi izan dutenendako espazio iraunkorra Baztan-Bidasoaldean

Ttipi-Ttapa 2025ko mar. 20a, 13:00

Indarkeria matxistaren bizirauleendako saio terapeutikoak  eta hezitzaileak egiten dituzte.

Indarkeria matxista bizi duten edo bizi izan duten emakumeei espazio segurua eta iraunkorra eskaintzeko bidean, bertze pauso bat eman dute Baztan-Bidasoaldean. Orain arte, egoera horretan dauden Baztango, Malerrekako, Bertizaranako, Bortzirietako eta Xaretako emakumeendako musikoterapia lantegia egin izan dute. Bada orain, musikoterapia lantegiaz gainera, EAIV-BAIT indarkeria matxista bizi dutenei edo bizi izan dutenei arreta integrala ematen dien zerbitzuarekin elkarlanean, saioak egiten hasi dira. 

Musikoterapia saioak Haizea Loira Matxiñena musikoterapeutarekin egiten dituzte, eta EAIV-BAITeko gizarte hezitzailearekin, berriz, saio hezitzaileak. Bateko eta bertzeko saioekin, «elkar laguntzeko, harrera egiteko eta saretzeko gune segurua» eskaintzea dute helburu. 

Baztan-Bidasoaldeko berdintasun zerbitzuek oroitarazi dute, «taldean parte hartzea librea» dela, eta «konpromisorik gabe» egiten ahal dela. Horrez gain, saioak irauten duen bitartean adin ttikikoendako zaintza zerbitzua paratzen dute, behar izanez gero, baita bertara joateko garraio zerbitzua ere.

Espazio iraunkor horri buruzko informazio gehiago eta adin ttikikoen zaintza edo garraio zerbitzua eskatu nahi duenak honat jo behar du: Baztanen gizarte zerbitzuetara, osasun zentrora edo berdintasun zerbitzura; Malerrekan mankomunitatera edo osasun zentrora; eta Bortzirietan gizarte zerbitzuetara, osasun zentrora edo berdintasun zerbitzura. Hazi Terapia Zentroarekin harremanetan ere jartzen ahal dira. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun