Aizarnazabaldarrak eta andoaindarrak merezimendu osoz lortu zuten finalerako txartela. Lehenengo jokoan jaun eta jabe izan ziren. Segituan hartu zuten abantaila, 12-2, eta erraz lortu zuten jokoa irabaztea 15-8. Bigarren jokoaren hasiera ere antzekoa izan zen. 5-1 aurreratu dira gorriak, baina ongi erreakzionatu dute urdinek. Irazuk eta Zubirik asko hobetu zuten euren jokoa. Zazpi tanto egin zituen aurrelariak eta sei atzelariak, markagailua bana berdintzeko. Bederatzi tanto jarraian egin zituzten eta 5-1 galtzetik 5-10 irabaztera pasa ziren markagailuan eta 8-15 itxi zuten bigarren joko hori.
Azken joko erabakigarrian, launako berdinketarekin hasi ziren eta seinakoaren ondoren Eskuderok pilotakada on batekin jarri zuen 7-6koa eta azken tantoa Gurrutxagak egin zuen.
Jendeak gozatu egin zuen finalerdi on batekin. Bi bikoteek zale asko eraman zituzten Galarretara.
Barrenetxea indartsu bueltatu da
Partida nagusian Aldabek eta Barrenetxeak 8-15 eta 8-15 lortu zuten garaipena Urrizaren eta Larrañagaren aurka. Endika Barrenetxeak urtarrilaren 18an jokatu zuen binaka azken partida eta indartsu bueltatu da kantxara. Derrigorrezko geldialdia ongi etorri zaio. Nagusi izan ziren urdinak bi jokoetan.
Jabalera eta Martirena garaile, lehenengo partiduan
Jaialdiko lehenengo partiduan Aimar Jabalera doneztebarrak eta Uitziko Martirenak 1-2 (13-15, 15-12 eta 5-8) irabazi zuten Goikoetxea V.a eta Aritz Juanenea saldiastarraren aurka. Berdintasuna eta emozioa handiagoak izan ziren jokoa baino, nahiz eta lehenengo bi jokoetan maila ona erakutsi lau erremontistek