Iruñeko Alde Zaharreko erremonte txapelketaren hamaikagarren edizioa azken txanpara hurbiltzen ari da eta final laurdenetako ligaxkako bosgarren jardunaldia, azken aurrekoa jokatu zuten martxoaren 14an hasita Iruñeko Labrit pilotalekuan.
Lehen mailako partidan, Xanti Uterga doneztebarrak eta Barricartek 35-15 irabazi zieten Eloy Otxandorenari eta David Mitxeo doneztebarrari. Bi bikoteek segurtatua dute finalerdietarako txartela eta ortzirale honetan jokatuko den ligaxkako azken jardunaldiko emaitzaren arabera jakinen dute zuzenean finalera ere sailkatzen ote diren.
Partida horren aitzinetik, jaialdia hasteko jokatu zen promozio mailako partidan, berriz, Xuban Iturregi iruritarrak eta Mikel Mikelarena oiztarrak 35-23 irabazi zieten Jon Sagaseta iruritarrari eta Baztani eta bikote irabazleak apirilaren 4ko finalerako txartela segurtatu du.