Jokatzeko aukerarik izanen duen jakin gabe, GRABNI txapelketarako selekzioa aurkeztu du Nafarroako Pilota Federazioak

Ttipi-Ttapa 2025ko mar. 14a, 08:30

Nafarroako aurre selekzioko ehun bat pilotarik parte hartu zuten ortzegunean Labriteko agerraldian, Nafarroako Pilota Federazioko presidentea babestuz.

195 pilotariek oraindik ez dakite txapelketa jokatzeko aukerarik izanen duten, Espainiako eta Nazioarteko Pilota Federazioen arteko gatazkaren ondorioz

Nafarroako euskal pilota selekzioen aurkezpena egin zuten ortzegun arratsaldean Iruñeko Labrit pilotalekuan, ziurgabetasun giroan eta GRABNI 2025 txapelketaren bezperan. Espezialitate guztietako ehun pilotari baino gehiago bildu ziren Nafarroako hiriburuan, batasun mezu bat bidaltzeko eta Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzak antolatzen duen federazio arteko txapelketa garrantzitsu horretatik Nafarroako Pilota Federazioa kanporatzeko aukeraz haserre daudela adierazteko.

Espainiako Pilota Federazioak eta Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak mantentzen duten auzitik eratorritako betoa litzateke eta Andrea Lusarreta, Nafarroako Pilota Federazioko presidentearen erranetan, «egoera hau ez dugu guk probokatu, baina ondorioak guk jasanen genituzke eta ez dugu onartuko Nafarroako Federazioa truke-txanpon edo presio neurri izatea».

Andrea Lusarreta, Nafarroako Pilota Federazioko presidentea, oharra irakurtzen.

 

Andrea Lusarreta: «Guk probokatu ez dugun auzi batek 195 pilotari nafar GRABNI txapelketatik kanpo utzi ditzake»

«Sinetsi ezinik ikusten dugu –aipatu zuen Lusarretak– nola auzi honek justifikaziorik gabe GRABNItik kanpo utz gaitzakeen, horrela 195 pilotari nafarren parte hartzea eragotziz. Zigor horrek, era berean, kalte eginen die lehiaketari eta Gipuzkoa, Araba, Bizkaia eta Iparraldeko federazioetako pilotariei», erran du Nafarroako Pilota Federazioko presidenteak. Agerraldi horretan, egoera hau desblokeatzeko eta tentsio igoera geldiarazteko eskatu die Lusarretak inplikatuta dauden agente pilotazaleei eta klase politikoari: «Ez dugu hau merezi eta ez gaude posizionamendu joko batean sartzeko prest»

Nafarroako Pilota Federazioak 200 pilotari ingururen aurre-hautaketa bat egin du, eta guztira 17 pilota selekzio hornitzen ditu 30, 36 eta 54 metroko frontoietan, baita trinketean, eskuz, erremintan, frontenisean, xaren edo zesta puntan. GRABNI 2025 dela eta, Nafarroak, federazio arteko probako egungo txapeldunak, 50 talde inskribatu ditu guztira, eta ordezkaritza handiena duen federazioa da, Bizkaiaren (49) eta Gipuzkoaren (46) aitzinetik.

.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun