Iruñeko Alde Zaharreko erremonte txapelketaren hamaikagarren edizioa azken txanpara hurbiltzen ari da eta final laurdenetako ligaxkako bosgarren jardunaldia, azken aurrekoa jokatuko dute martxoaren 14an, ortziralean 19:00etan hasita Iruñeko Labrit pilotalekuan. Lehen mailako eta promozio mailako partidetan jokatuko duten zortzi erremontistetatik sei eskualdekoak izanen dira. Batzuk finalera zuzenean sartzeko aukera izanen dute eta bertzeek, finalerdietarako txartela borrokatuko dute.
Lehen mailako partidan, Xanti Uterga doneztebarra eta Barricart, Eloy Otxandorena eta David Mitxeo doneztebarren kontra ariko dira. Doneztebeko bikoteak jokatutako bi partidak irabazi ditu eta, finalerdietarako txartela segurtatua dutela, hirugarren garaipen batek finalerako zuzeneko txartela emanen lioke. Utergak eta Barricartek, berriz, partida bat irabazi eta bertzea galdu dute eta hortaz, garaipena lortu edo, guttienez 33 tanto egin beharko dituzte martxoaren 27ko finalerdietan izateko aukerekin segitzeko.
Partida horren aitzinetik, jaialdia hasteko jokatuko den promozio mailako partidan, berriz, Jon Sagaseta iruritarra eta Baztan, Xuban Iturregi iruritarraren eta Mikel Mikelarena oiztarraren kontra ariko dira. Irabazten duenak urrats handia emanen du finalerako zuzenean sailkatzeko.
ADANOren aldeko txapelketa denez, Labrit pilotalekuan jokatuko diren jaialdietako sarrerako dirua minbizia duten Nafarroako haurren elkarte honetara bideratuko dituzte. Sarrerako dohaintza hamar eurokoa izanen da 22 urtez goitikoentzat, bortz eurokoa 16 eta 22 urte bitartekoentzat eta 16 urtez beheitikoak doan sartuko dira.