Nafarroako bertsolaritza ikertzeko beka deialdia egin du Bertsozale Elkarteak

Ttipi-Ttapa 2025ko mar. 14a, 20:00

Ekainaren 6a baino lehen aurkeztu beharko dira lanak Nafarroako bertsolaritza ikertzeko deialdira.

Bertsozale Elkarteak Nafarroa Garaian bertsolaritza ikertzeko deialdia paratu du martxan. Nafarroako bertsolaritza edozein jakintza esparru oinarri hartuta ikertu ahalko da eta hautatako ikertzaileak edo ikertzaile taldeak 4.000 euro hartuko ditu

Nafarroako bertsolaritzari buruzko ikerketa zientifikoa sustatzeko deialdia jarri du martxan Bertsozale Elkarteak. Edozein jakintza esparru oinarri hartuta egin beharko da ikerketa, beti ere Nafarroa Garaian gauzatzen den (edo gauzatu den) bertsolaritza ikertzea helburu.
 

Gradu amaierako ikerketa proiektuak, master amaierako ikerketa proiektuak zein bertzelako ikerketa proiektu monografikoak aurkeztu daitezke deialdira, beti ere unibertsitateko irakasle doktore baten zuzendaritzak bermatuta badira.

Ekainaren 10erako aurkeztu behar dira proiektuak, eskaera orria bete eta bidalita, eskatutako dokumentazioarekin batera. Ikerketan edo bertsolaritzan aditu diren hainbat lagunek osatutako batzordeak ekainaren 20a baino lehen jakinaraziko du zein izan den proiektu hautatua.

Hortik aitzinera, urtebeteko epea izanen du ikerlariak, edo ikertzaile taldeak, proiektua gauzatu eta ikerketa lana aurkezteko. Horretarako 4.000 euroko diru-poltsa bat hartuko du.

Deialdiaren bitartez, Nafarroa Garaiko bertsolaritzari buruzko ikerketa eragiteaz gain, ikertzaile gazteak edo hasiberriak lehen urratsak ematen lagundu nahi ditu Bertsozale Elkarteak.

Deialdiaren informazio gehiago hemen irakurri daiteke.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun