Agerraldian parte hartu duten eragileak hauek izan dira: Euskalgintzaren Kontseilua, Konfederazioa, AEK, Seaska, Ikastolak, Hizkuntza Eskubideen Behatokia, Seaska, IKA, UEMA, Plazara, Bilgune Feminista, Steilas, LAB, ELA, EH Bai, Elkar, Jardun, Bertsularien Lagunak. Horrez gain, beste norbanako esanguratsu batzuk ere izan dira: Martxelo Otamendi, Amagoia Mujika, Kike Amonarriz, Maddi Ane Txoperena, Jakes Bortairu, Sagrario Aleman eta Edurne Alegria.
Agerraldian aipatu dutenez, «iazko abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunaren karietara, Euskal Herrian Euskaraz eragileko bi kide Baionako Justizia Jauregiko teilatura igo eta sarrerako horman, tinduz, “Justizia Euskararentzat” idatzi genuen. Salatu genuen, frantziar eta espainiar konstituzioen baitan, euskaldunontzat ez dagoela justiziarik; hain justu, gure eskubideak behin eta berriz zapalduz, euskaraz bizitzea ukatzen digutela. Era berean, Euskal Herrian Euskarazetik argi dugun baieztapena jarri genuen berriro ere mahai gainean: egoera hau iraultzeko ezinbesteko dugula independentzia, Euskararen Errepublika».
Apirilaren 11n epaituko dituzte
Desobedientzia ekintza hori gauzatu zuten bi kideak apirilaren 11n epaituko dituzte. Hala, epaiketa aitzineko igandean, apirilaren 6an, Baionako karrikak hartzeko deia egin dute; «bi auziperatuekiko elkartasuna adieraztetik haratago, euskararentzat eta euskaldunontzat benetako justizia aldarrikatzeko. Alegia, Euskal Herri osoan euskara ofizial izan dadila aldarrikatzeko; hezkuntza euskalduna aldarrikatzeko; euskaraz epaituak izateko eskubidea aldarrikatzeko; euskalgintzara dirulaguntza publiko gehiago bideratzea aldarrikatzeko... Finean, euskaraz eroso eta aske bizitzeko eskubidea aldarrikatuko dugu».
Uste dute une erabakiorra dela oraingoa: «Orain hilabete gutxi, Euskalgintzaren Kontseiluak ohartarazi modura, larrialdi egoeran gaude eta indar ugari ditugu kontrara. Hasteko, oldarraldi judizial, politiko eta mediatiko bortitz bat, urteetako borrokari esker lortutako eskubideetan atzerapausoak eragin nahian. Hori guztia, oldarraldi orokorrago baten baitan ari da gertatzen; hain justu, jarrera faxisten eta eskuin muturrekoen gorakadaren testuinguruan. Horren adibide da, orain egun gutxi, Tolosan (Gipuzkoa), Renfe enpresako segurtasun-agente batek EHEko kide bati egindako eraso euskarafoboa. Bestetik, gero eta mundu globalizatuagoan bizi gara, non, merkatu logika kapitalista nahiz kontsumista nagusitzen den eta homogeneizazio prozesuak ikaragarri bizkortu diren; zuzenean, hizkuntza gutxiagotu oro kaltetuz».
Apirilaren 6an manifestazio nazionala Baionan
Alarmak jo dituzte eta, «orain, egoera bideratzeko neurriko erantzunak behar dira; norbanakook eta eragileok ez ezik, instituzioek eman beharrekoak. Euskara lehen lerrora ekarri behar dugu eta zapalkuntzarik gabeko gizarte baten alde lanean dihardugunontzat tresna ezinbesteko bilakatu. Maila guztietan, ardurak hartzeko eta exijitzeko unea da».
Asteazkenean Baionan bilduta eragile eta norbanako guztiak dihardute beraien egunerokoan, eta beraien esparrutik, euskararen aldeko lanean. «Amesten dugun Euskal Herri euskaldun hori eraikitzen jarraituko dugu –diote– eta argi izan dezatela, euskaldunon aurkako eraso bakoitzaren aurrean, herri oso bat izango dutela parez pare. Horregatik, apirilaren 6an, euskaltzaleoi dei egiten dizuegu Baionako kaleak betetzera eta euskarak hain beharrezko duen olatu berria indartzera. Gora Euskal Herri euskalduna!».