Nafarroako Parlamentuko Hezkuntza Batzordeak bisita egin zuen martxoaren 11n Elizondo Lanbide Eskolaren eta Lekaroz bigarren hezkuntzako institutuaren instalazioetara. Bilera ere egin zuten Baztan-Bidasoko ordezkaritzarekin, eskualde horretako hezkuntza eskaintza adosteko abiarazi den prozesuari buruzko informazioa edukitze aldera.
Bertaraturiko batzordekideak izan ziren Pedro González, Isabel Olabe (UPN), Carlos Mena (PSN), Eneka Maiz (EH Bildu), Itxaso Soto (Geroa Bai) eta Daniel Lopez (Contigo Navarra-Zurekin Nafarroa).
Lekarozen Parlamentuaren ordezkaritzari harrera egin zioten Iñaki Beltran Institutuko zuzendariak eta Baztan-Bidasoa ordezkaritza osatzen duten lau udalerrietako alkateek: Fernando Anbustegi (Baztan), Ladis Satrustegi (Lesaka), Aitor Elexpuru (Bera) eta Arantza Arregi (Doneztebe).
Vox ez bertze talde parlamentario guztien ekimenez eskaturiko bisita honen helburua izan zen «bertatik bertara ezagutzea instalazioen egoera eta nondik norakoak, bai eta bi ikastetxe horiek dauzkaten premiak ere».
Bisitako lehen geldialdia Lekaroz Bigarren Hezkuntza Institutuan egin zuten, eta Parlamentuaren ordezkaritzak instalazioak bisitatu ahal izan zituen ikastetxeko zuzendariaren eskutik, ahalegin berezia eskainirik kirol instalazioak aztertzeari. Kiroldegia eta gimnasioa ikusi ahal izan zituzten, baita indar aretoa ere. "Patio gorria" deritzona zeharkaturik, zeinean hobetu egin baita pistaren zola, parlamentariak 35.000 metro koadroko berdeguneraino iritsi ziren. Futbol eta errugbi zelaiak eta atletismo pista daude bertan.
500 bat ikasle biltzen ditu Lekarozko Institutuak, DBHko, Curriculum Bereziko Unitateko eta Batxilergoko (Zientziak, Giza eta Gizarte Zientziak eta Orokorra modalitateetan) hezkuntza-eskaintza osatzen duten ereduetako ikasketak egiteko.
Elizondoko ikastetxe bateratu politeknikoa, gaur egungo hezkuntza-eskaintzako 10 ziklo
Elizondora ailegatuta, Parlamentuaren ordezkariei Iñigo Gorrotxategik, Elizondo Lanbide Eskolako zuzendariak egin zien harrera, eta hasiera batean ikastetxearen historiaren berri laburra eman zien. Zehazki, egungo 2.700 metro koadroko ikastetxea da 1967an egin zen hasierako eraikinaren eta ondoren metal eta administrazio ikasketak hartzeko eraiki zen eraikin gehigarriaren bategitearen emaitza.
Gorrotxategik ikastetxearen aretoak erakutsi zizkien Parlamentuko ordezkariei, enfasi berezia jarririk espazio-mugen eta itoginen ondoriozko premietan. Oroitarazi zuen nola teilatua orain dela hamar urte behera etorri zen, eta horrek gaur motz geratu den eraberritze bat abiaraztera behartu zuela. Alde horretatik nabarmendu zuen badaudela zenbait instalazio, esate baterako galdara-gela, ez direnak eraberrituak izan ikastetxearen gaur egungo edukierara haiek egokitzeko, eta duela 40 urte baino gehiagoko jatorrizko diseinuaren araberakoak direnak.
Hezkuntza-eskaintza hamar prestakuntza ziklotan egituratzen da, eta haietan daude matrikulatuta goizeko 237 ikasle eta arratsaldeko 45 ikasle. Alde horretatik jakinarazi zuen ikastetxearen ikasle-kopurua bikoiztu egin dela azken bortz urte honetan.
Zehazki, honako ziklo hauek irakasten dira: Ostatatze eta Garbitze laguntzailea (Lanbide Heziketa Berezia); Bulegoko Informatika eta Metalezko Elementuen Fabrikazioa (Oinarrizko Gradua); Administrazio kudeaketa, Erizaintzako Zainketa Lagungarriak, Mekanizatua eta Natur Inguruneko nahiz Aisialdiko Gida (Gradu Ertaina); Haur Hezkuntza, Administrazioa eta Finantzak eta Zuzendaritzarako Laguntza (Goi Gradua).
Baztan-Bidasoko ordezkaritzarekin bilera
Instalazioetarako bisita amaituta, bilera egin zuten Nafarroako Parlamentuko kideek eta Baztan-Bidasoko ordezkaritzako kideek (ordezkaritza horrek biltzen ditu lau herri handienetako alkateak, Elizondo IBPko zuzendaria eta Berako Toki Ona Institutuko zuzendari Igor Arruabarrena, baina honek ez zuen bilerara joaterik izan.
Guztiek azpimarratu zuten Oronozko ikastetxe berrirako proiektua azkartu beharra dagoela: «ikastetxe mardula, integrala, erreferentea eta erakargarria, misiotzat duena eskualdearen garapen sozioekonomikoaren bultzagarri izatea».
Jakinarazi zuten zer puntutan dauden Hezkuntza Departamentuarekiko negoziazioak, «eskualdearen eskaerei eta premiei erantzunen dien hezkuntza-proiektu baten ezarpenari ekiteko xedez». Eskaera eta premia horiek aurretiaz prozesu batean aztertuak izan dira, zeinean parte hartu baitute zer errana zeukaten udalerri guztiek, eragile sozioekonomikoek eta Cederna Garalur Elkarteak.
Atzoko bisitak osatu egin zuen Baztan-Bidasoko ordezkaritzak berak Nafarroako Parlamentuan azaroan egin zuen lan-bilera.