Martxoaren 26ra arte egiten ahal dira eskaerak Errigoraren udaberriko kanpainan

Ttipi-Ttapa 2025ko mar. 10a, 19:00

'Beste modura denona da onura' lelopean hasi du Errigorak udaberriko Eskutik Eskura kanpaina. Produktuak lote handitan salduko dituzte eta gaurtik hasi eta martxoaren 26ra arte eskuratzen ahalko dira. Banaketa apiril hondarrean eta maiatzean egitea aurreikusi dute.

Nafarroa erdialdean eta hegoaldean euskara sustatzeko helburuarekin hasi da Errigoraren udaberriko kanpaina. Beste modura denona da onura lelopean, egungo kontsumo ereduaren onuradun nagusiak bitartekariak direla, eta horrek, bestelako eredu baten beharra azaleratzen duela nabarmendu dute.

Horregatik, elikadura burujabetzan paratu nahi dute indarra udaberriko kanpainan: «Elikadura burujabetza da Euskal Herrian kontsumitzen ditugun elikagaiak hemen ekoiztuak izateaz gain, elikagaien ziklo guztiaren gainera erabakimena ere herriaren eskuetan egotea». Horretarako,  ekoizle nahiz kontsumitzaileen parte- eta kontzientzia hartzea ezinbestekoak direla nabarmendu dute. «Bide hori sustatuz, denon komunitate osoaren  zaintza helburu nagusi bilakatzen da. Horrela, eskematik kanpo uzten ditugu bata zein bestearen miseria elikatzen duten enpresa erraldoien interesak».

Beste modura denona da onura lelopean, nabarmendu dute kanpainaren onurak pertsonalak eta kolektiboak izanen direla:

  • Onurak ekoizleentzat: Agerreko ekoizleei kontsumitzaile konprometituen sare trinko bat jartzen zaie eskura, baloreetan oinarritutako eta bi aldeentzako bidezkoa den harreman bat bultzatzeko prest dagoena. Ekoizleek ekoizten dituzten produktuek aterabidea izanen dutela ziurtatzen dute.
  • Onurak Nafarroarentzat: Nafarroan landatu eta ekoitzitako produktuak zabaltzen dituzte Euskal Herri osora. Bertako produktuak ezagutzera eman eta ekoizpena indartzeko aukera paregabea da.
  • Onurak Euskal Herriarentzat: Elikadura burujabetzaren ildoan zentratutako kanpaina da udaberrikoa, eta Euskal Herritik eta Euskal Herriarentzat lan egiteko norabidea ematen du.

Despentsa betetzeko deia

Azken urteetako eskema errepikatuko dute aurtengoan ere: urte guztirako eskaerak egitea da planteatzen dutena eta, hortaz, oliba olio birjina estra bidoi handietan eskainiko dute eta gainontzeko produktuak 12 unitateko sortetan, arroz erdiluze eta integrala izan ezik.

Hainbat berrikuntza izanen dira aurtengo uztan:

  • Arroz konbentzionala (12 kiloko lotea) itzuliko da katalogora eta bi lote izanen dira aukeran: bonba eta lido.
  • Lekale ekologikoek, dilistek eta txitxirioek, lehen aldiz lote propioa izanen dute eta kiloko paketeetan etorriko dira.
  • Arbendolak moten arabera banatuta eskainiko dituzte 120 gramoko 12 paketeko loteetan: gatzarekin txigortutakoak alde batetik, eta naturalak bertzetik.
  • Pasta loteak ere izanen dira aukeran.  400 gramoko 12 paketeetan makarroi txuriak, albakadun fussiliak eta belar probentzalen fussiliak izanen dira.
  • 750 mililitroko sei botilako ardo loteak izanen dira. Guzti-guztiak eredu ekologikoan ekoitziak dira eta bi motako sortak ditugu: ardo bereziak eta gorenak. Ardo berezietan Azpea upategiko Santa Cecilia ardoa da berrikuntza, eta ardo gorenetan Aristu upategiko ardo txuri eta gorria.

Berrikuntza horiez gain, ohiko produktuak ere izanen dira aukeran:

  • Oliba­ olio birjina estraren kasuan, hiru barietate ez ­ekologiko dituzte: enpeltre, arbekina eta pikual.  Ekologikoan, aldiz, bertako arroitz eta arbekina. Denak 5 litroko bidoiak dira.
  • Kontserbei dagokionez, ekoizpen ekologikoko bederatzi produktu izanen dituzte —zainzuri zuriak, pikillo piperrak, orburuak, kardua, barazki­ menestra, arbendolen sorta, leka, borraja eta zerba penkez osatutako barazki sorta, tomate frijitua, txitxirioak eta ilar gorriak. Zazpi ez ekologiko ere badira aukeran: zainzuriak, pikillo piperrak, orburuak, kardua, potxak, ilar gorriak, borraja, leka eta zerba penka sorta eta tomate frijitua.
  •  Arroz ekologikoa izanen da, kiloko sei paketetan, erdiluze txuria eta erdiluze integrala.

Bi bide daude eskaerak egiteko:

  • Online, errigora.eus webgunean.
  • Eta, sarean eskaerak egiteko gai ez direnentzat, telefono bidez, Hego Euskal Herritik +34 848 87 12 23 eta Ipar Euskal Herritik +33 532 09 35 45 telefono ­zenbakira deituta.

Ordainketa txartel bidez eginez gero, 100 eurotik gorako ordainketak bi zatitan egiteko aukera izanen da (erdia martxoan eta bigarren zatia apirilean). Hala egiten ez bada, dena batera ordaindu beharko da, eskudirutan, produktuak jasotzean.

Banaketa guneak

Banaketa apirilaren azken astean eta maiatzaren lehenengoetan egitea aurreikusia dute eta, salbuespenak salbuespen, produktu guztiak aldi berean banatuko dituzte. Eskaera egiterakoan norberak aukeratu behar du produktuak biltzeko puntua eta, gero, mezu bat hartu du Errigorak bidalia zehaztuz zein egun eta ordutegian pasa beharko duen biltzera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun