Nafarroako Kirol Jokoetan nesken buruz buruko pilota txapelketaren finaletan hiru txapel lortu dituzte eskualdeko pilotariek

Ttipi-Ttapa 2025ko mar. 10a, 14:00

Nafarroako Kirol Jokoetan nesken buruz buruko esku pilota txapelketako txapeldun eta txapeldunordeak larunbatean Labriten, epailearekin eta Andrea Lusarreta Nafarroako Pilota Federazioko presidentearekin..

Alebinetan Arkupeko Muñoa eta Hita suertatu dira txapeldun, kadete mailan Umore Onako Sagardui eta infantiletan txapeldunorde izan da Arkupeko Iratzoki

Nafarroako Kirol Jokoen barrenean, pilotan eskuz banakako txapelketaren finalak jokatu dituzte neskek martxoaren 8an  Iruñeko Labrit pilotalekuan. Denera bortz final jokatu dituzte eta horietatik lautan izan dira eskualdeko pilotariak eta hirutan txapeldun suertatu dira.

Arkupe pilotariak, familiarekin eta irakaslearekin, larunbatean Labriten.

Lehenik, alebinen lehen mailako finala jokatuko du Arkupeko Ainara Hita igantziarrak San Miguel taldeko Vidanen kontra. Hitak 18-9 irabazi zuen txapela janzteko.

Bigarren mailako alebinetan, Arkupeko Eneritz Muñoa lesakarra eta Ultzamako Irure izan dira aurrez aurre eta lesakarrak 18-14 irabazi du.

Infantil mailako finalean, Arkupeko Joana Iratzoki igantziarra, Ados Pilotako Baleztenaren kontra aritu da. Honetan Baleztena suertatu da garaile, 18-13.

Arkupeko Muñoa, Iratzoki eta Hita. Bi ttikienak txapeldun izan ziren alebinen bi kategoriatan eta handiena txapeldunorde infantiletan.

Kadete mailako finalean, Umore Onako Alize Sagardui goizuetarrak 22-11 irabazi dio Oberenako Crespori.

Jubenil mailako finalean bakarrik ez da izan eskualdeko pilotaririk: Huarteko Ibarrolak 22-8 irabazi dio Oberenako Oskozi.

Martxoaren 8ko egun seinalatua izaki, txapelarekin eta besoko morearekin ere atera zuten kadete eta jubenil mailako txapeldunek, Alize Sagardui goizuetarrak eta Huarteko Ibarrolak.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun