Apustuak sortutako ikusminaren erakusgarri, Doneztebeko Ezkurra pilotalekura hurbildutako zaleen artean zeuden aizkora eta herri kirol munduko aurpegi ezagunak: Mindegia, Olasagasti, Izeta, Perurena, Arrospide, Otaño, Larretxea, Saralegi, Astibia, Etxebeste eta gaur egungo txapelduna, Iker Vicente, bertzeak bertze.
Etxeberria: «Materialean egon da giltza»
Joxean Etxeberriaren erranetan, «ekarritako materialean» egon zen garaipenaren giltza: «Jokinek [Basozabalek] nik baino kolpe indartsuagoa du, joan den urte guztian ez nion inoiz irabazi, egur bigunarekin ni baino gehiago da. Ofizioagatik irabazi diot, bera ni baino gazteagoa da eta esperientzia hori baliatu dut. Eskerrak eman nahi dizkiot frontoia bete eta animoak eman dituen afizioari ere».
Basozabal: «Horrelako esperientziak ez ditugu egunero bizitzen»
Galdu arren, esperientziarekin gustura zegoen Basozabal ere: «Esperientzia polita izan da, horrelakoak ez ditugu egunero bizitzen. Irabazi izan banu hobea izanen litzateke, baina batzuk inoiz ez dute biziko horrelako esperientziarik. Egindako lanarekin ere gustura gelditu naiz. Nik aspaldian ez nuen halako plazarik ikusi, aulki guztiak beteak, jendea zutik… Eskerrak eman etorri den jende guztiari, sufritu egin dut, baina baita gozatu ere».
Joxean Etxeberria Zigako aizkolariak bota zuen desafioa, gaur egungo edozein aizkolariri, Iker Vicenteri, Mikel Larrañagari, Julen Alberdiri, Eneko Otañori edo Hodei Ezpeletari izan ezik. Tolosako Kantabriko Ostatuko hitzordura agertu zen Jokin Urretabizkaia Basozabal donostiarra, apustua onartzeko prest.