Herri ttikiak eta handiak: erronkak eta aukerak

Ttipi-Ttapa 2025ko mar. 8a, 08:00

Irudian Berroeta. Argazkia: valledebaztan.com

Eskualdeko herri ttikiei eta koxkorragoei begira jarri da TTIPI-TTAPA, bakoitzaren egoera zein den jakiteko. Herria bizirik mantentzeko dituzten erronkak esplikatu dituzte Arano, Doneztebe, Saldias, Leitza, Ezkurra, Elizondo, Ziga, Lesaka, Berroeta eta Berako alkateek eta haien testigantzak gaur eta bihar agertuko dira ERRAN.EUSen.

Ehun biztanleren bueltan dabiltza batzuk; hiru milaren bueltan bertzeak. Denda, ostatu edo ikastetxerik gabeak dira batzuk, eta egunerokoa herritik mugitu gabe egiten ahal dutenak bertzeak. Lasaiago bizi dira batzuk, eta mugimendu gehiago dute bertzeek. Ez dira batzuk bertzeak baino hobeak, baina herri batzuen eta bertzeen errealitatea aski diferentea da. Haietako batzuengana hurbildu da TTIPI-TTAPA, bakoitzaren indarguneak, ahulguneak, erronkak eta aukerak zein diren jakiteko intentzioarekin. 

Eskualdeko hamar herritako alkateen testigantzak dira. Alde batetik, TTIPI-TTAPAren Hegoaldeko eremuan dauden bortz herri handienetako ordezkarien ahotsak ageri dira: Aitor Elexpuru Egaña Berako alkatea –Berak 3.790 bat biztanle ditu–, Beñat Verde Mugiro Elizondoko alkatea –Elizondok 3.520 bat biztanle ditu–; Dabid Anaut Peña Leitzako alkatea –Leitzak 3.020 biztanle inguru ditu–; Ladis Satrustegi Alzugarai Lesakako alkatea –Lesakak 2.730 biztanle inguru ditu– eta Arantxa Arregi Alberro Doneztebeko alkatea –Doneztebek 1.850 bat biztanle ditu.

Hariaren bertze aldean, 200 biztanle baino guttiago dituzten bortz herritako ordezkariekin mintzatu da TTIPI-TTAPA: Joxan Ruiz Miner Aranoko alkatearekin –Aranok 110 biztanle inguru ditu–; Karlos Garaikoetxea Erlo Berroetako alkatearekin –Berroetak 120 bat biztanle ditu–; Iñigo Zubeldia Telletxea Saldiasko alkatearekin –Saldiasek 130 biztanle inguru ditu–; Jaione Zabalo Juantorena Ezkurrako alkatearekin –Ezkurrak 130 bat biztanle ditu– eta Mirian Barberena Ibarra Zigako alkatearekin –Zigak 175 biztanle inguru ditu–.

Bakoitzak bere hausnarketak paratu ditu mahai gainean, baina badira batek baino gehiagok aipatu dituzten kontuak: auzolana, lasaitasuna, naturarekin harremana, elkartasuna, baliabide falta, biztanleriaren gainbehera, etxebizitza, zerbitzuen sektorea mantentzeko erronka, euskararen egoera...

Herri ttiki eta handietako aldeak hizpide hartuta, bertze datu bat: Baztanek hamabortz herri ditu, bada horien % 45 Elizondon bizi da; Bortzirietan egoera iduritsua da, herritarren % 44 inguruk Bera baitu bizileku; Malerreka aldean % 37 inguru Donezteben bizi dira eta Leitzaldeko eta Urumealdeko lau herrietako biztanleria kontuan hartuta, % 74 Leitzan bizi da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun