Joxean Etxeberria Zigako aizkolariak bota zuen apustua, gaur egungo edozein aizkolariri, Iker Vicenteri, Mikel Larrañagari, Julen Alberdiri, Eneko Otañori edo Hodei Ezpeletari izan ezik. Aizkora apustuetan ohikoa denez, Tolosako Kantabriko Ostatuan paratu zuen hitzordua abenduaren 6an eta han agertu zen Jokin Urretabizkaia Basozabal donostiarra, apustua onartzeko prest. Azkenean, 8.000 euro izanen dituzte jokoan, 4.000 euro bakoitzak, eta hamabina kanaerdiko eta 60 ontzako seina enbor moztu beharko dituzte martxoaren 8an, larunbatean 18:00etan hasita Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan.