XXV. Urrezko binakako Aizkolarien finalerako txartela lortu dute Ezpeletak eta Etxebestek Urrozen

Ttipi-Ttapa 2025ko mar. 3a, 20:00

Urrezko Aizkolarien txapelketaren barrenean Urrozen igande eguerdian aritu ziren kirolariak.

XXV. Urrezko Binakako aizkolari txapelketako jardunaldia izan dute Urrozen martxoaren 2an. Eguerdian hasita, zortzi aizkolari eta bi harri jasotzaile aritu dira lehian eta, erakustaldi moduan, Josetxo Urrutia leitzarra aritu da ingudearekin lanean.

Hainbat kategoriatako aizkolariak aritu ziren Urrozen lehian. Batetik, Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketako Euskal Label Saiko finalaurrekoa jokatuko dute Hodei Ezpeletak eta Arkaitz Etxebestek, Ugaitz Mugertzaren eta Ibai Soroaren kontra. Lehenbizikoa suertatu dira garaile eta finalean izanen dira. Ia minutuko aldea atera zieten Ezpeletak eta Etxebestek (18.06) Mugertza II.ari eta Soroari (19.04)

19 urtez azpikoen Banakako Aizkolari Txapelketan Julen Urrutia arraioztarra Aitor Saralegiren kontra aritu zen eta Saralegi gailendu zen, 22 segundoko aldearekin. Finalean izanen da Saralegi.

Julen Urrutia arraioztarrak ez zuen finalerako txartelik eskuratu 19 urtez beheitiko kategorian.

Banakako Aizkolari Txapelketan emakumezkoetan berriz, Laiene Pikabea  (7.28) gailendu zitzaion Lucia Orberi, finalerako txartela lortuz.

Banakako Harri jasotzaile txapelketa Aroa Sanchez aritu zen eta, denera, 1.973 kilo altxatu zituen hiru minututan: 63 kiloko zilindroari 12 jasoaldi, 63 kiloko kubikoari 9 jasoaldi eta 50 kiloko bolari 13 jasoaldi.

Josetxo Urrutia ingudearekin aritu zen erakustaldia egiten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun