2009. urtean, herritar batek kexa jarri zuen Arartekoan, errepideetako seinaleetan “Francia” elebitan jar zedin (09/589/C kexa). Nafarroako Gobernuak ele bitan jarri zuen handik aurrera.
Azken urte hauetan, ordea, Nafarroako Gobernua berriz ere hasi da “Francia” gaztelania hutsean jartzen, eta herritar batek berriz ere kexak jarri ditu Arartekoan, seinale horiek ele bitan jar ditzan (Q24/55 eta Q/24/987 kexak). Bada, Óscar Txibitek, Lurralde Kohesiorako kontseilariak, esan du espainiera hutsean jarriko dituela, Q/24/987 kexari erantzunez. Arartekoak desmuntatu egin dizkio erdara hutsean errotulatzeko “arrazoiak”, baina Óscar Txibiteri berdin izan zaio.
Beraz, 2009. urtean eta hamarkada batez posible izan dena, jada ez da. Óscar Txibite beti ahalik eta eragozpen gehien jartzen euskaraz errotulatzeari.
Hauek dira gorabehera juridikoak:
Óscar Txibite kontseilariak dio Espainiako Errepideei buruzko Jarraibideetako 8.1-IC Arauak agintzen duela atzerriko izenak espainiera hutsean idatzi behar direla. Lurralde Kohesiorako Departamenduko kontseilariak jakin beharko luke euskarari buruzko eskumena Nafarroarena dela, eta jarraibide txar bat (lege mailarik ere ez duena!) ez dagoela Nafarroaren eskumenaren gainetik.
Bestalde, Arartekoak oroitarazi dio PSNko kontseilariari:
“8.1- IC Arauan xedatutakoaren inguruan aipatu beharreko lehenengo gaia da instrukzioak herriei egiten diela erreferentzia, eta ez herrialdeei: Beraz, 'Francia' inskripziodun seinaleari ez litzaioke instrukzio hori aplikatuko”. Arartekoak hainbat arrazoi gehiago ematen ditu 8.1- IC Araua kasu honetan aplikagarria ez dela argudiatzeko, baina ez ditugu hona ekarriko.
Arartekoak gainera, oroitarazten du seinaleak ele bitan idatzi behar direla legez; zehazki, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen arabera (testu bateginaren 56. artikulua).
Eta, bukatzeko, Arartekoak oroitarazi dio azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuak ere ele bitan jartzera behartzen duela.
Guk gaineratuko genuke honako hau dioela Nafarroako Gobernuak eta EH Bilduk sinatutako 2025eko Aurrekontuetarako Akordioak:
“K) Euskara, d) atala ('Hizkuntza paisaia'):
Nafarroako Gobernuak zainduko du bide-seinaleetan eta karteletan elebitasuna bermatzen dela, Euskaltzaindiaren jarraibideen arabera”.
Baina argi dago Lurralde Kohesiorako kontseilariari dena berdin zaiola: gaztelania hutsean errotulatzen du, kexarik baldin badago esaten du hurrengoetan ele bitan jarriko dituela, baina gero berriz ere erdara hutsean errotulatzen ditu seinale berriak, batzuetan ez dio erantzuten Arartekoari, beste batzuetan berdin zaizkio haren gomendioak eta argudioak (oraingo honetan bezala)...
Aski da! Kontseilari honek (eta bere departamentuak) nahikoa eta sobera erakutsi du bere jarrera euskararekiko. Alderdi euskaltzaleek muga jarri beharko liokete.
Sinadura:
Fermin Zabaltza Aleman, Administrazioan Euskaraz Taldearen ordezkaria