Nafarroako Antzoki Sareak Sendaberri, Paisaia eszeniko berriak 2025 programa aurkeztu du otsailaren 28an, ortzirale goizean, Burlatako kultur etxean, Nafarroako Gobernuko Kultura, Turismo eta Kirol Departamentuarekin elkarlanean diseinatutako programa. Horren helburu nagusia sareko espazio eszenikoen ohiko programazioa aberastea eta osatzea da, gai sozialak edo lengoaia berriak jorratzen dituzten konpainien antzezlanen bitartez. Eskualdean, Berako eta Lesakako kultur etxeetara eta Leitzako herri aretora ailegatuko dira emanaldiak.
Nafarroako Gobernuak edizio honetarako bideratzen duen aurrekontua (105.000 euro) ia bikoiztu egiten da toki entitateek egiten duten ekarpenarekin (104.000 euro). Guztira, beraz, 209.000 euroko aurrekontua izanen du zikloak, 15.000 euroko igoera joan den urteko edizioarekin alderatuta. Horri esker, sareari lotutako 31 espazio eszenikotan garatuko diren 15 konpainiaren 67 emanaldi eskainiko dituzte.
Eskualdean, Lesakan, Leitzan eta Beran
Edizio honetan dantzak protagonismo berezia hartuko du Nafarroako lau konpainiaren eskutik. Zuk Performing Arts taldeak Quosque Tandem Abutere aurkeztuko du, kulturaren jatorriari buruzko gogoeta Jorge Oteizaren unibertsoa oinarritzat hartuta. Lesakako Harriondoa kultur etxean martxoaren 30ean eta Leitzako herri aretoan apirilaren 13an izanen da ikusgai.
Mendia/La montaña, Mikele Urroz eta Lucía Ezkerek sinatutako antzezlanak mendiari uko egin zion alpinista baten krisia kontatzen du, eta senitarteko baten errautsak uzteko bertara itzuli behar duenean hasten da. Leitzako herri aretoan maiatzaren 11n eta Berako kultur etxean irailaren 27an ikusteko aukera izanen dute, euskaraz.
Anita Maravillas eta Portal 71ren arteko Andereño elkarlan antzerkiarekin ere gozatzeko modua izanen da, euskaraz zein gaztelaniaz. 2024ean Espazio Eszeniko hoberenaren Feten saria jaso zuen. Berako kultur etxean euskaraz ikusteko aukera izanen dute urriaren 11n.