Arkupeak elkartearen Euskal Kantuen Egunerako izen ematea heldu den astean

Ttipi-Ttapa 2025ko ots. 28a, 09:00

Arkupeak elkarteko bazkariak 2023ko Euskal Kantuen Egunean kantari.

Udaberriarekin bat, apirilaren 10ean  ospatuko du Arkupeak elkarteak Euskal Kantuen Eguna Dantxarinean. Egun osoko egitaraua izanen dute kantu zaharrak ardatz, eta heldu den astelehenean, asteartean eta asteazkenean egin beharko da izen ematea.

Egun osoko besta izanen dute Dantxarinean Arkupeak elkarteko bazkideek apirilaren 10ean. Autobusez joanen dira Dantxarinera eta 12:00etarako elkartuko dira eta bertako dendak ezagutzeko aukera izanen dute. Ondotik, 13:00etan izanen dute bazkaria Otxondo jatetxean. Honako menua izanen dute: Iberikoak, txipiroi eta gulen entsalada, fritoak, legatza onddo saltsa eta patatekin, azpizun iberikoa patatekin, eta tiramisua postrerako. Edateko ardoa, ura, sagardoa, kafea, cava eta kopa izanen dituzte.

Bazkalondoan euskal kanta zaharrak kantatuko dituzte Jose Angel musikaria lagun dutela eta ondotik, dantzaldia izanen dute.19:15ean hartuko dute autobusa etxera itzultzeko.

Irteerara izen ematea delegatuen bidez egin behar da heldu den asteko astelehenean, asteartean eta asteazkenean, hilaren 3an, 4an eta 5ean. Irteerak 50 euroko prezioa du.

Izen emateko datak ematearekin batera elkarteak hainbat ohar ere zabaldu ditu. Alde batetik azaldu dute egun horretan bazkide aunitz elkartzen direla eta jatetxeko sarrera errazago kudeatzeko txartelak banatuko dituzte bakoitzaren eserlekuko zenbakiarekin. Txartel horiek delegatuek banatuko dituzte.

Gainera aitzineko urteetan kantuen letrekin liburuxkak banatu dituztela eta, horiek etxean dituztenei eramateko deia egin diete Liburuxkarik ez dutenek bazkalondoan erosten ahalko dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun