Joan den astean abiatutako ikerketek fruitua eman dute, eta ondorio argia atera dute basozainek: lehengo astean otso bat ibili zen Larhun inguruan, Azkaineko lurretan. Pasa den astean grabatu zuen bideoa mendizaleak. Prefeturak oharrean zehaztu du mendizale horrek igorritako bideoa dela froga nagusia. Adituek ondorioztatu dutenez, bideoan ageri den animaliaren morfologia eta jokamoldea dira otso bat denaren hipotesia frogatzen dutenak.
Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, Ingurumen Departamentuak ez du otsoa Nafarroan sartu denaren zantzurik, baina jarraipen espezifikoa hasi dute. Aldi berean, Nafarroako Gobernua eta Pirinio Atlantikoetako Prefetura harremanetan dira informazioa koordinatzeko.
Era berean, Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuak informazioa emanen die inguruko abeltzainei, Nafarroan otsoren bat dagoela ikusiz gero, neurriak aurreikusi ahal izateko.
Hain zuzen, atzo zabaldu zuen oharra EHNE sindikatuak, balizko otsoaren presentzia nabarmenduz. Oharrean zabaldu zuenez, mendian aziendak solte dituzten artzain eta abeltzainei euren zaintza areagotzeko dei egin zien: «Zalantzarik gabe, horrek aparteko lana ekarriko du, eta ziurgabetasuna eta beldurra sortuko ditu Baztan-Bidasoa inguru osoan, baita Gipuzkoako iparraldean ere, animalia hori eremu horretan ere ibili baitaiteke, espezie horrek distantzia luzeak egiteko duen berezko gaitasunagatik».
Prefeturaren hitzetan, 2022tik ez zen agertua otsorik Ipar Euskal Herrian. Nafarroan, aldiz, 1995ean sartu zuten otsoa desagertutako espezien katalogoan. Mende bat baino gehiago da ez dagoela otso talde finkorik, baina otso bakarti batzuk bistaratu dituzte geroztik.