Larhun inguruan otsoren bat izan daitekeela ohartarazi du EHNE sindikatuak

Ttipi-Ttapa 2025ko ots. 26a, 13:30

Otsoa izan daitekeen animalia ikusi omen dute Larhun inguruan eta agintariek ez dute hipotesirik baztertzen. Argazkia ez da gure inguruan ateratakoa.

Mendian aziendak solte dituzten artzainei eta abeltzainei euren zaintza areagotzeko dei egin die

Nafarroako Bardeetan otso ibiltari baten erasoa gertatu zela jakin ondotik, EHNE sindikatuak ohartarazi du «aste honetan bertan jakin» dela otsoa izan daitekeen bertze bat «ustez ikusi dutela Larhun mendi inguruan, Lapurdiko mugan eta itsasotik kilometro gutxira». Lapurdiko tokiko agintariei dagoeneko jakinarazi omen zaie, eta oraingoz, ez dute inongo hipotesirik baztertzen. Ildo horretan, dagoeneko bilatzen ari dira animalia horren existentziari edo igarotzeari buruzko frogak, hala nola, ilea edo gorotza, otsoa edo zakur basati bat ote den egiaztatzeko.

Horregatik, Nafarroako EHNE sindikatuak mendian aziendak solte dituzten artzain eta abeltzainei euren zaintza areagotzeko dei egin die: «Zalantzarik gabe, horrek aparteko lana ekarriko du, eta ziurgabetasuna eta beldurra sortuko ditu Baztan-Bidasoa inguru osoan, baita Gipuzkoako iparraldean, animalia hori eremu horretan ere ibili baitaiteke, espezie horrek distantzia luzeak egiteko duen berezko gaitasunagatik».

Modu berean, Nafarroako EHNE sindikatuak administrazio eskudunei eskatu die «mugaren bertze aldean eginen diren ikerketen berri eman diezagutela, eta gai horren jarraipena egin dezatela Nafarroako lurraldean, animalia mota horiek ez baitituzte administrazio-mugak ulertzen».

Nafarroako EHNEren oharrak dioenez, «denbora gehiegi daramagu otsoa datorrela esaten eta hemen daukagu. Arabako eta Bizkaiko mendebaldean dago, eta, azken gertakariak ikusita, Nafarroan gero eta hurbilago dagoela dirudi».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun