Iruñeko Alde Zaharreko erremonte txapelketaren hirugarren jardunaldia ortzegunean jokatuko dute

Ttipi-Ttapa 2025ko ots. 26a, 16:00

Eloy Otxandorena doneztebarra eta Patxi Zeberio beteranoa aurrez aurre izanen dira aitzineko kuadroetan.

Lehen mailako txapelketan, Otxandorena eta Mitxeo doneztebarrek, Zeberio II.a eta Otano izanen dituzte arerio Labriten

Iruñeko Alde Zaharreko erremonte txapelketaren hamaikagarren edizioaren hirugarren jardunaldia jokatuko dute otsailaren 27an, ortzegunean 19:00etan hasita Iruñeko Labrit pilotalekuan. Lehen mailako partidan, Zeberio II.a eta Otano, Eloy Otxandorena eta Dabid Mitxeo doneztebarren kontra ariko dira. Promozio mailako partidan, berriz, Oses eta Agirrezabala, Jon Sagaseta iruritarraren eta Baztanen kontra ariko dira.

Lehen mailako lehian, bigarren partida izanen da bi bikoteentzat. Doneztebarrek garaipena lortu zuten joan den ortziralean Matxin III.aren eta Ionen kontra. Zeberio II.ak eta Otanok, aldiz, erraz galdu zuten Utergaren eta Barricarten kontra.

ADANOren aldeko txapelketa denez, Labrit pilotalekuan jokatuko diren jaialdietako sarrerako dirua minbizia duten Nafarroako haurren elkarte honetara bideratuko dituzte. Sarrerako dohaintza hamar eurokoa izanen da 22 urtez goitikoentzat, bortz eurokoa 16 eta 22 urte bitartekoentzat eta 16 urtez beheitikoak doan sartuko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun