Mendi bizikletako Rural Kutxa Kopako lehen garaipena lortu du Eneit Bertizek

Ttipi-Ttapa 2025ko ots. 25a, 11:30

Mendi bizikletako Rural Kutxa Kopako lehen probako 23 urtez beheitiko podiuma igandean Caparroson. Denak eskualdeko txirrindulariak: Koldo Herrera sunbildarra (2.), Eneit Bertiz sunbildarra (1.) eta Jon Egizabal leitzarra (3.).

Caparrosoko lehen proban gailendu zen txirrindulari sunbildarra elite mailan eta 23 urtez beheitikoan ere, Koldo Herrera sunbildarrarekin eta Jon Egizabal leitzarrarekin osatu zuen podiuma

Mendi bizikletako Nafarroako Rural Kutxa Koparen hamabosgarren edizioa igandean abiatu zen Caparroson jokatutako lehen probarekin. Katea Bikeko Eneit Bertiz Apezetxea sunbildarrak bere lehen garaipena lortu zuen eta aurtengo lehen liderra da, elite mailan, nahiz 23 urtez beheitikoan.

Sunbillako txirrindulariak lehia estua izan zuen Saltoki Conor taleko Iñigo Sagardoy eta Dario Silvestre txirrindulariekin. Lehenbiziko itzulietan, Katea Bikeko Koldo Herrera sunbildarra ere hirukote horrekin ibili zen, baina azkenera gibelera gelditu zen. Azken sprintean, Eneit Bertiz nagusitu zen (1.21.34), Sagardoyren (1.21.35) eta Silvestren aitzinetik (1.21.37). Azkenean, Koldo Herrera sunbildarra laugarren izan zen proban eta bigarren, 23 urtez beheitiko sailkapenean, Bertizen gibeletik. 23 urtez beheitiko kategoria honetan hirugarren izan zen Saltoki Conor taldeko Jon Egizabal leitzarra. Joan den urtean Rural Kutxa Kopa irabazi eta aurten Katea Bike taldean ari den Mikel Merinok seigarren postua eskuratu zuen elite mailan.

Junior mailan ere ederki ibili ziren eskualdeko txirrindulariak Caparroso proban. Saltoki Conor taldeko Oihan Aleman iruritarra izan zen bizkorrena (56.07) eta Gazteluko Mikel Telletxea taldekidea bigarren (57.26). Kadete mailan, azkenik, Aurrera BTT taldeko Aratz Gurrutxaga aresoarra hirugarren izan zen.

 

Bortz proba

Caparroson igandean jokatuko den lehen lasterketaren ondotik, XV. Nafarroako Rural Kutxa Kopak bertze lau proba izanen ditu: Oibarren martxoaren 30ean, Antzinen apirilaren 27an, Jaurrietan maiatzaren 25ean eta Zangozan ekainaren 15ean. Beraz, lehen aldiz, aurten txapelduna uda hasi baino lehen jakinen da, ez baita irailean probarik izanen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun