Akitania Berria, Euskadi eta Nafarroak osatutako euroeskualdean betizua babesteko ABENA proiektuaren aurkezpena egin zuten otsailaren 24an, astelehenean, INTIAk Atarrabian duen egoitzan. Mugaz gaindiko etorkizuneko sarea bertako behi honekin lotutako ekoizpen eta ingurumen alorrera bideratzen da. Proiektuaren helburua da ezagutzak eta esperientziak trukatzea, diagnostiko bat eta plan estrategiko bat egiteko, «animalia autoktono hori bere ingurune naturalean kontserbatzeko, lurralde-kudeaketarako eta iraunkortasunerako».
Proiektua nabarmentzen da nekazaritza eta ingurumeneko berrikuntzan duen ikuspegiagatik, desagertzeko arriskuan dagoen espezie autoktonoari balioa ematen diolako eta lurraldea maneiatzeko praktika jasangarrietan integratzen duelako.
Mugaz gaindiko lankidetzaren bidez, proiektuak eredu kolaboratibo bat proposatzen du, komunitateen artean esperientziak trukatzea ahalbidetzen duena, hainbat kudeaketa-metodorekin. Berrikuntza diziplina anitzeko ikuspegian islatzen da, zeinak alderdi historikoak, biologikoak, kulturalak eta zooteknikoak hartzen baititu, bai eta baterako irtenbideak bilatzean ere, betizuaren populazioei eragiten dieten klima, gizarte eta ingurumen erronkei aurre egiteko.
Otsailaren 24an, astelehen goizean, ABENA Euroeskualdearen “Akitania Berrian, Euskadin eta Nafarroan Betizu behia kontserbatzeko aliantza” proiektua abian jartzeko jardunaldia egin zen INTIAk Atarrabian duen egoitzan.
Jardunaldia hasteko, Betizu behiak Euroeskualdean duen egoera aurkeztu zuten proiektuko bazkide diren erakundeetako ordezkariek: INTIA, Conservatoire des Races D’Aquitaine, eta Lurgintza.
Jardunaldian izan ziren 40 pertsona ingururen artean honako hauek izan ziren: Proiektuaren bazkide diren erakundeetako teknikariak, Nafarroako Gobernukoak, Eusko Jaurlaritzakoak, eta Betizurekin zerikusia duten elkarteetakoak; Hendaiako Euroeskualdeko lurralde lankidetzako arduraduna, Baionako CAPBko langileak, eta Baztango, Arantzako, Berako, Urdazubiko, Biriatuko, Itsasuko… udal ordezkariak.
Miguel Reta (INTIA): «Betizuari lotutako ondareari eta biodibertsitateari eusteko aukera dugu orain»
Miguel Retak (INTIA) azaldu zuenez, INTIAk Sastoian duen lursail esperimentala Betizu arrazaren kontserbazioan eta hobekuntzan aritzen da, bizirik iraun dezan eta populazio osasuntsua izan dezan. «Animalia horri lotutako ondareari eta biodibertsitateari eusteko aukera dugu orain», aipatu du. Horrez gain, INTIAk hainbat ekintza egin ditu Betizua zaintzeko: Betizu arrazaren liburu genealogikoa garatu du Nafarroan eta bertze lurralde batzuetan; Betizu Hazleen Federazioa eta Kontserbazio Plana kudeatzea, Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin lankidetzan; "% 100 Betizu arraza autoktonoaren" logotipoa eta hura erabiltzeko baldintza-agiria kudeatzea, eta haren haragia merkaturatzen laguntzea.
Regis Ribereau-Gayon Akitaniako Conservatoire des Races D’Aquitaineko kideak azaldu zuenez, Kontserbatorioak Akitania Berriko tokiko 35 arrazarekin egiten du lan (behiak, ardiak, ahuntzak, txerriak, zaldiak, hegaztiak eta erleak). Kontserbazio-programak eta azterketa genetikoak egiten ditu, eta hazleen dinamikari laguntzen dio. Udalekin elkarlanean, egoera basatian bizi diren Betizu populazioak kudeatzen ditu. Betizuak euskal ondare, historia eta mitologiaren parte dira. Etxeko betizuaren jatorria dira, eta gordailu genetiko bat osatzen dute.
Azkenik, Lurgintzako Enaitz Ibabek aipatu zuenez Lurgintza, “irabazi asmorik gabeko” nekazaritza kooperatiba da, eta nekazaritza sektoreko ustiategien kudeaketa tekniko-ekonomikoa darama. Lurgintza kooperatibak hainbat lan egiten ditu GIBEL elkartearentzat (Gipuzkoako Betizu Elkartea): kontabilitatea eta fiskalitatea, Gipuzkoako Betizu Arrazaren Liburu Genealogikoaren kudeaketa, jaiotzen diren animalien erregistroa eramatea, animalien mugimenduak kontrolatzea eta animaliak genotipatzea... Liburu genealogikoan erregistratutako animalien kalifikazio morfologikoa, eta Betizu arrazaren sustapena. GIBEL elkarteak Sarrola-Iturraran etxaldea kudeatzen du, eta bertan Betizu arrazaren kontserbazioan eta hobekuntzan aritzen da, biziraupena ziurtatu eta populazio osasuntsua mantentzeko.
Segidan, ABENA proiektua koordinatzen duen INTIA erakundeko Miguel Retak proiektuan zehar burutuko diren helburuak eta ekintzak aurkeztu zituen:
- Orientazio estrategikoa izateko txosten bat idaztea. Mugaz gaindiko lankidetza-sareei esker egin ahal izanen da plan hori, funtsezkoak baitira haren kontserbazioaren eta kudeaketaren ikuspegi integrala eta jasangarria lortzeko.
- Mugaz gaindiko sare bat sortzea Akitania Berriaren, Euskadiren eta Nafarroaren artean, betizu arrazako adituek osatua. Sare horri esker, tokian tokiko oztopoak gainditu ahal izanen dira, eta modu isolatuan lan eginez gero posible izanen ez liratekeen baterako irtenbideak erraztuko dituzte.
- Betizuen populazioei eta horiek bizi diren inguruneei buruzko diziplina anitzeko ezagutzak partekatzea.
- Betizua kontserbatzeko ekintza giltzarriak identifikatzea, trantsizio agroekologikoaren berrikuntzari begira.
- Betizu behiak lurraldearen kudeaketan, elkarbizitzan eta mendien eta oihanen erabilera jasangarrian duen zeregina sustatzea.
ABENA proiektua
INTIA buru duen ABENA proiektuaren helburu nagusia da Betizu behia babestea, arraza horren inguruko mugaz gaindiko lehen sarea sortuz Euroeskualdean. Ekimen horren helburua da ezagutzak eta esperientziak trukatzea, diagnostiko bat eta plan estrategiko bat egiteko, «arraza autoktono hori bere ingurune naturalean kontserbatzeko, lurralde-kudeaketarako eta iraunkortasunerako». Elkarlaneko ikuspegi baten bitartez, proiektuak Betizua babesten lagundu nahi du, baita trantsizio agroekologikoan berrikuntza bultzatu ere.
Betizu behiaren berrikuntzarako eta kontserbaziorako ezagutza trukatzeko mugaz gaindiko proiektua Akitania Berrian, Euskadin eta Nafarroan garatuko da, eta eskualde horiek kultura- eta natura-ondare bera dute. Betizu behia, askatasunean bizi den abere barietatea, tokiko kulturaren funtsezko zatia da eta lurralde bakoitzean modu ezberdinean kudeatuta dago. Adituen elkarlaneko sarea eta Betizu behiaren kontserbazio eta kudeaketa jasangarrirako estrategikoa izanen den ezagutzak biltzeko plana planteatzen dira, agroekologian berrikuntza sustatuz. Tailerrek, bisitek eta landa-jarduerek parte-hartzaileen artean ezagutzak trukatzea erraztuko dute. Ekimenak diziplina anitzeko ikuspegia du, alderdi biologikoak, kulturalak eta ingurumenekoak kontuan hartzen dituena, eta oreka bilatzen du biodibertsitatea zaintzearen eta tokiko komunitateen garapenaren artean.