Mendi bizikletako Nafarroako Rural Kutxa Koparen hamabosgarren edizioa abiatuko da otsailaren 23an Caparroson eginen den lehen probarekin. Joan den urtean Mikel Merinok irabazi zuen kopa eta aurten Berako Katea Bike taldean ari da. Berekin batera, Sunbillako Koldo Herrera eta Eneit Bertiz taldekideak ere faboritoen artean egonen dira.
Caparrosoko proba igandean 10:00etan hasiko da, emakumeen, kadeteen eta master-40 eta master-50 kategorietako probekin. Igande eguerdian, berriz, elite-sub23, junior eta gizonezkoen master-30 probak hasiko dira.
Caparrosokoa 6 kilometro luze eta 100 metroko desnibela duen zirkuitu azkarra da.
Bortz proba
Caparroson igandean jokatuko den lehen lasterketaren ondotik, XV. Nafarroako Rural Kutxa Kopak bertze lau proba izanen ditu: Oibarren martxoaren 30ean, Antzinen apirilaren 27an, Jaurrietan maiatzaren 25ean eta Zangozan ekainaren 15ean. Beraz, lehen aldiz, aurten txapelduna uda hasi baino lehen jakinen da, ez baita irailean probarik izanen.