Arkupeak elkartearen Benidormeko irteeran izen ematea heldu den astean

Ttipi-Ttapa 2025ko ots. 21a, 09:00

Maiatzaren 4tik 14ra joanen dira Benidormera. Argazkia: Diego Delso/ Wikimedia.

Arkupeak elkarteko lagunak Benidormera joanen dira bidaian maiatzean 10 egunez. Heldu den astelehenean eta asteartean, hilaren 24ean eta 25ean apuntatu beharko dira irteeran parte hartzeko.

Maiatzaren 4tik 14ra Benidormeko lasaitasunaz eta eguzkiaz gozatzeko aukera izanen dute Arkupeak elkarteko erretiratuek. Nor bere herritik autobusez abiatu, eta Castejonen bazkaltzeko geldialdia eginda,  Hotel Poseidon Playa eta Hotel Poseidon Resort hoteletan hartuko dute ostatua. 

Bazkideek aukeratzen duten hotelaren arabera, prezioa diferentea izanen da. Hotel Poseidon Resort aukeratzen dutenek binakako logelagatik 850 euro ordaindu beharko dituzte, eta banakako logelagatik, 1.117 euro. Hotel Poseidon Playan binakako logelak, aldiz,  790 euroko prezioa du, eta banakako logelak, 1.057 eurokoa. Hala ere, ohartarazi dute hotel honetan berrikuntza lanak egiten ari direla eta litekeena dela hautsa eta soinua egotea eta ez dutela horri buruzko erreklamaziorik onartuko.

Bidaiaren prezioan sartuko dira joan eta etorriko autobusa, hamar gaueko egonaldia pentsio osoan, joateko eta etorriko bazkariak eta bidaia asegurua eta ezeztapenak.

Izen ematea astelehenean eta asteartean egin beharko da, 948 45 08 78  zenbakira edo 618 56 78 37 zenbakietara deituta, eta ordainketa, berriz, martxoan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun