Eskualdeko enpresa eta ikastetxeek bat egin dute Oronozko Lanbide Eskolaren aldeko mugimenduarekin

Ttipi-Ttapa 2025ko ots. 19a, 15:30

Plataformak prentsaurrekoa egin du gaur Elizondoko Lanbide Eskolan. Ondikol.

Oronozko Lanbide Eskola Orain! plataformak agerraldia egin du gaur goizean Elizondon, eta proiektua zertan den azaltzeaz gain, adierazi dute eskualdeko 36 enpresek eta 24 ikastetxek plataformaren aldarrikapenekin bat egin dutela

Joan den urteko uztailean Nafarroako Gobernuak finantziazioa kendu zion Oronozko Lanbide Eskolaren proiektuari, «Europak administrazioei gastu sabaia ezarri izanaren arrazoipean». Horrek «arriskuan» jarri zuen proiektu osoa, baina Gobernuaren eta EH Bilduren aurrekontuen akordioen ondorioz, proiektua berrabiaraztea lortu zuten.

Bitartean, hezkuntza komunitatea mugitzen hasi zen: kontzentrazioak, itxialdiak, asanbladak, informazio kanpainak… Joan den urrian Baztan-Bidasoko udal guziek bat egin zuten mugimenduarekin, eta plataformak esplikatu duenez, orain enpresak eta ikastetxeak batu dira aldarrikapenera. Horien «erantzun bikaina» izan dutela adierazi du plataformak, izan ere, 36 enpresek (tartean Ttipi-Ttapak) eta 24 eskola, institutu eta haur eskolak egin dute bat, «eskualdeko lanbide eskola bateratu, euskaldun, erreferente eta indartsu baten alde».

Proiektuari dagokionez «eskualdeko ordezkariak eta Hezkuntza Departamentua hezkuntza eskaintza adosten ari dira. 2025ean obraren finantziazioa ziurtatuz gero, datozen asteetan proiektuak lizitaziora atera beharko luke, lanak 2026an has daitezen». Prozesu horretan, «orain arte bezala animoz eta arduraz arituko gara, egoeren arabera dinamika berriak irekiz».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun