Bi alderdi horien –eta PPN eta Voxen– botoekin Euskal Federazioak nazioarteko txapelketetan parte hartu ahal izatea gaitzesteko mozioa onartu dute Nafarroako Parlamentuan eta «pilotaren gaia ariete politika gisa erabiltzea» leporatu diete pilota elkarteek, «zentzugabekeria eta hagitz jenio txarrekoa» izan dela salatuz.
Idatzia sinatu duten pilota kluben hitzetan, «pilotari batek, klub batek, erabakitzen badu Espainiako Federazioarekin jokatzea, kirol edo diru aldetik hobetzearen alde, eskubide osoa du egiteko. Baita Euskal Federazioarekin jokatzekoa ere». Horrekin batera, gibelera begira jarri dira: «Jakitun gara zer dakarten politika zorrotz eta atzerakoi horiek, duela 25 urte zoritxarrez ondorioak utzi zituztenak. Federazioa meloi bat bezala zatitu zuten. Egoera horretatik denok atera ginen galtzaile: pilota, pilotariak, klubak eta Federazioa». Gehiago ere bai: «Gezurra iduri du politika negargarri horietan tematzea. Pilotaren alde denok norabide berean arraun egin beharrean, gu modu zakarrean erabiltzen gaituzte etekin politikoak ateratzeko».
Hemezortzi pilota klubek argi dute: «Egun osoa frontoian ematen dugunok erabaki behar dugu zer den hoberena pilotarentzat, pilotarientzat, klubentzat eta Federazioarentzat».
-
Abaxitabidea (Ororbia)
-
Auñamendi (Aurizberri)
-
Aldabide (Arbizu)
-
Atarrabia Pilota Taldea
-
Aoiz Pilota Taldea
-
Arrebote (Barañain)
-
Txaruta (Baztan)
-
Berriozar Pilota Taldea
-
Bortziriak
-
Erreka (Doneztebe)
-
Aurrera (Leitza)
-
Ameskoa Pilota Taldea
-
Arkupe (Lesaka)
-
Larraun Pilota Taldea
-
Ados Pilota Taldea (Lekunberri)
-
Cantolagua (Zangoza)
-
Peña Pelotazale San Sebastian (Tafalla)
-
Umore Ona (Goizueta)