2024ko maiatzean argitaratutako PAIri buruzko Foru Aginduak 2016an onetsitakoa ordezkatuko du, heldu den ikasturtean indarrean sartzeko. Eta horrek aldaketak ekarriko ditu PAI programan dauden D ereduko ikastetxeen artean. Konparazio batera, orain arte, Lehen Hezkuntzan guttienez sei ordu egin behar zituzten ingelesez; eta heldu den ikasturtetik aitzinera, zazpi ordu izanen dira. Astean ingelesez ematen ahal den gehienezko saio kopurua ere igo dute: bederatzi ordutik hamabira.
Horren inguruan kritiko mintzatu da Steilas sindikatua. Gaurko prentsaurrekoan esplikatu duenez, «oro har, ikastetxe batean sei ordu ingelesez ematen badituzte, bortz erabiltzen dituzte ingeles hizkuntza ikasteko eta bat arlo bakarra ingelesez lantzeko. Aldiz, irailetik aitzinera zientzietako bi ordu eman beharko dituzte ingelesez, euskara eskola denboraren % 60,1era murriztuz». Gehiago ere bai: «Gehieneko ordu kopurua ezarriko balute, hau da, hamabi ordu ingelesez, euskaraz eskola denboraren % 42,8 bakarrik ikasiko lukete; hortaz, ez litzateke izanen ezta B eredua ere».
Horrekin batera, aldaketa eskatu duten ikastetxeetan hartu duten «ezezko erantzuna» izan du hizpide sindikatuak: «Ustez, 24/25 ikasturtean moldaketak egin zitezkeen hurrengo ikasturteko plantillak osatu baino lehen, ingelesez ematen ahal diren arloak aldatu baitira. D-PAI duten ikastetxe batzuetan ingelesezko ordu kopurua jaistea eskatu badute ere, ezezko erantzuna hartu dute». Horrek familia aunitzen artean «kezka» sortu duela gaineratu du. «Zenbait ikastetxetan erasoa gelditzeko batzarrak egin dituzte eta bertze herri batzuetan kexak aurkeztu Hezkuntza Departamentuko ikuskaritzan. Baina orain arte ez dute deus lortu».
Steilasen hitzetan, «D-PAI duten ikastetxe gehienetan euskararen presentzia ahul samarra da eskolatik kanpo. Beraz, euskaraz ongi ikastea nekezagoa da ingeleseko ordu kopurua handitzen bada». Gisa horretara, «murgiltzea ataka larrian» geldituko dela uste du sindikatuak, «euskarazko gaitasun nahikorik ez baita lortzen gainerako hizkuntzei transferitzeko». Eta ez da hori bakarrik: «Ingelesez emandako arloetan maila akademikoa nabarmen jaisten da».
«PAI eredua ez da D eta A ereduetako matrikulazioa apaltzeko bakarrik erabili, baizik eta baita D ereduko euskarazko gaitasuna okertzeko ere».
A eta G ereduetan ingelesezko guttieneko ordu kopurua murriztu dela kontatu du sindikatuak gaurko agerraldian, «PAI ikasle gehienentzat kaltegarria delako». Kontrara, «D ereduan igo» dutela kritikatu du, «kontuan hartu gabe hizkuntza guttitua dela eta murgiltzearekin zer gertatzen den». Sindikatuaren arabera, «PAI eredua ez da D eta A ereduetako matrikulazioa apaltzeko bakarrik erabili, baizik eta D ereduko euskarazko gaitasuna okertzeko ere bai».
Egoera ikusita, Steilasek kontatu du «Foru Aginduak geldiarazten» saiatu dela, «mahai sektorialean eta Nafarroako Eskola Kontseiluan. Baina alferrik izan zen». Hala, eraso hori gelditzeko asmoz, bi helegite» aurkeztuak dituzte. Auzitegian kautelazko neurriak ere eskatu dituzte, «sor daitezkeen kalteak ahalik eta gehien gelditzeko, epaia ailegatu arte».