[GUTUNA] Landa Eremurako Etxebizitza Plana

Ttipi-Ttapa 2025ko ots. 15a, 11:00

Zergatik den beharrezkoa «etxebizitzaren merkatuan esku hartzea» azaltzen du gutun honetan Mikel Zabaleta Aramendiak, EH Bilduko Nafarroako foru parlamentariak. Eta arazoari aurre egiteko, EH Bilduk Landa Eremurako Etxebizitza Planaren proposamena aurkeztu duela parlamentuan esaten du, «neurri sorta zabala eta dinamikoa» izan beharko dituen Plana, eta, era berean, «5.000 biztanletik beherako udalerrientzat berariaz zuzendutakoa».

Pasa den otsailaren 6an, Nafarroako Parlamentuko osoko bilkuran EH Bilduk aurkeztutako mozio bat onartu zen, Nafarroako Gobernuari eskatzen ziona aurtengo ekainaren 30a baino lehen Landa Eremurako Etxebizitza Plan bat egin dezan. Nafarroako lurralde eta gizarte kohesioan aurrerapausoa dela uste dugu eta, beraz, berri ona herritar guztientzat, ezinbestekoa baita lurralde osoan etxebizitzaren merkatuan esku hartzea.

Baina, zergatik da beharrezkoa etxebizitzaren merkatuan esku hartzea? Has gaitezen gezur handi bat deseraikitzen. Merkatuak, bere gisa, bere burua bakarrik erregulatzen duela baieztatzen duen mantra neoliberal hori. Baieztapen hori gezurra da. Eta errepikatzen jarraitu arren, gezurra izaten jarraituko du.

Ez dago kantinela hori sostengatzen duen adibide bakar bat ere. Ez dago historian merkatuak bere kasa, inolako erregulazio eta esku hartzerik gabe, etxebizitza duin eta eskuragarrirako eskubide unibertsala bermatzea lortu duela erakusten duen adibiderik.

Kontrara, Jaime Palomera Zaidel irakasleak dioen bezala, zenbait lekutan etxebizitza eskubide unibertsala erabat bermatu ez bazen ere, arazoa neurri handi batean arindu egin zen esku-hartze publikoari esker. Europako herrialde ugaritan Bigarren Mundu Gerraren amaieratik laurogeiko hamarkadara bitarteko etapan gertatu zen moduan. Erresuma Batua, Herbehereak eta Danimarka, besteak beste, saiatu ziren ongizate-estatuak eraikitzen, oinarrizko eskubideak bermatzeko, hala nola hezkuntza, osasuna, pentsioak eta etxebizitza.

Erresuma Batuak, adibidez, laurogeiko hamarkadan, etxebizitzen % 40 publiko izatea lortu zuen, hamarkadetan etxebizitza politika publikoak bultzatzearen ondorioz.

Vienak, 1918an hasi zuen politika bati esker –"Viena gorria" ezizena jarri zioten garai hartan–, etxebizitzaren erdia baino gehiago merkatuaren dinamiketatik babestuta egotea lortu du. Gaur egun, herritarren % 70ek etxebizitza publikoa edo babestua eskuratu dezakete.

Nafarroako eskuinari askotan entzuten diogun beste mantra sinple bat da etxebizitzaren arazoa merkatuko eskaintza eskasaren ondorio dela soilik. Bada, hori ere ez da egia, nahiz eta eskaintza kontuan hartu beharreko faktore garrantzitsua den. Beraz, etxebizitzaren arazoa ez da soilik etxebizitza gehiago eraikiz konponduko, horrek berriro ere gezurtatu berri dugun lehen mantra horretara garamatzalako, besteak beste.

Etxebizitza eskuragarria izateko arazo handia dagoen arren, higiezinen salerosketa handia dago oraindik. INEren arabera, 2024. urteko urrian 69.418 transakzio inskribatu ziren erregistroetan espainiar Estatuan, 2023ko urrian baino % 51,3 gehiago. 2007ko maiatzetik hilero izan den kopururik altuena da, higiezinen burbuila bete-betean kokatutako hilabetea erraz gaindituz.

Eta etxebizitzak saltzen jarraitzen ari badira, nor ari da ba hauek erosten? Espainiar Estatuan, azken bi urteetan, etxebizitzen % 56 hipotekarik gabe erosi dira. Gainera, azken urteetan Jabetza Erregistroan izena emanda dauden etxebizitzen ia erdia gutxienez zortzi higiezin dituzten enpresen esku daude. Eta azken hamarkadan, % 20 hazi da jabe handien kopurua. Hau da, gertatzen ari dena da erosleak, batez ere, dagoeneko jabetzak dituztenak direla. Eta etxebizitzarik ez duten herritar askok eta askok ezin dutela etxebizitza eskuratu.

Eta zer egiten dute etxebizitza horiek pilatzen doazen megajabeek eta funts putreek? Nagusiki alokairuaren merkatura bideratzen dituzte etxebizitzak, negozio mamitsuak egiteko. Etxebizitza merkatuak egun sortzen dituen errentagarritasunak izugarriak dira. Izan ere, guk eskubide bat ikusten dugun tokian, beste batzuek negozioa ikusten dute.

Nafarroa Garaian berdin gertatzen ari da eta jabearen profila ere aldatzen ari da, dagoeneko hamaika enpresa taldek hartzen baitituzte alokatutako hamar etxebizitzatik bi. Hau da, Adania Grupo Empresarial edo Blackstone funts putrea bezalako talde handiak gero eta etxebizitza gehiago pilatzen ari dira Nafarroa Garaian.

Horretaz ari gara etxebizitzaren merkantilizazioa aipatzen dugunean. Izan ere, etxebizitza negozio hutsa den bitartean, inoiz ez da eskubide gisa bermatuko. Eta mugarik gabeko espekulazioa begi-bistakoa den arren, etxebizitzaren arazoa faktore anitzekoa da. Beraz, irtenbidea ez da sinplea. Ez dago formula bakar eta azkar bat egoera konponduko duenik; egoerari irauli eta etxebizitza eskubidea bermatu ahal izateko, denboran ezarritako neurri sorta zabal eta dinamikoa bultzatu behar da.

EH Bildun ados gaude Nafarroako Gobernuak etxebizitza arloan hartutako erabaki eta iragarki askorekin; baina beste batzuekin ez gaude ados, edo ez behintzat bere osotasunean. Etxebizitza merkatuko eremu tentsionatuen izendapenean, Nafarroako Gobernuak adierazi du «5.000 biztanle baino gutxiago dituzten udalerrietan erosketaren edo alokairuaren prezioari buruzko datuak ez direla adierazgarriak» eta, beraz, oraingoz, etxebizitza merkatuan esku hartzea baztertzen da automatikoki, Nafarroako udalerrien % 92an baino gehiagotan. Hau da, Nafarroak dituen 272 udalerrietatik 251 eta biztanleen ia % 32 kanpoan uzten dituen langa ezarri da etxebizitza merkatuko eremu tentsionatuen izendapenean.

Nafarroako 21 udalerri populatuenentzat eremu tentsionatuen izendapena egiten bada eta gainontzekoetan datu adierazgarririk ez dagoela argudiatuz, izendapen horretan ezin direla sartu esaten bada, zer egingo dugu landa eremuan ere existitzen den etxebizitza krisi larriarekin?

Horregatik aurkeztu dugu Landa Eremurako Etxebizitza Planaren proposamena. Planak neurri sorta zabala eta dinamikoa izan beharko du eta 5.000 biztanletik beherako udalerrientzat berariaz zuzendutakoa da.

Nafarroa Garaiko herriek, despopulazio arriskuan gehienak, ezin dute gehiago itxaron eta ezin dira etxebizitza politiketatik kanpo geratu. Horregatik EH Bilduk konpromisoa adierazten du plan hau definitzen laguntzeko eta maila instituzional ezberdinetan beharrezkoak diren neurri guztiak bultzatzeko. Etxebizitza arloan ere badugulako plangintza eta estrategia propioa.

Mikel Zabaleta Aramendia

EH Bildu Nafarroako foru parlamentaria

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun