Hezkuntza publikoaren alde, eskualdeka zazpi lanuzte antolatu dituzte sindikatuek

Ttipi-Ttapa 2025ko ots. 12a, 13:30

Lanuzteak iragarriz, gaur goizean prentsaurrekoa egin dute ELA, CCOO, LAB eta Steilas sindikatuetako ordezkariek. Tartean da Ane Apezetxea goizuetarra, eskuinean.

Otsailaren 19an hasita, zazpi egunez, zazpi mobilizazio iragarri dituzte Steilas, LAB, CCOO eta ELA sindikatuek. Zehazki, bi orduko lanuzteak izanen dira eta eskualdeka antolatu dituzte. Bidasoaldekoa izanen da lehenbizikoa, heldu den asteazkenean, otsailaren 19an. Leitzaldeko eta Urumealdeko irakasleei, berriz, martxoaren 12rako egin diete deia.

Ikasturte honetan dagoeneko hiru greba egun egin dituzte irakasleek, eta Steilas, LAB, CCOO eta ELA sindikatuek gaurko prentsaurrekoan adierazi dutenez, «milaka irakaslek nekea eta haserrea» adierazi dituzte. Hezkuntza Departamentuak, ordea, «negoziatzeko benetako asmorik gabe» segitzen du sindikatuen hitzetan: «Hainbertze aldiz eskatu ditugun aldarrikapenak baztertu dituzte eta inbertsio ekonomikoa lortzeko asmo gutti erakusten segitzen dute».

Hala, «Hezkuntza Departamentuaren jarrera itxia» ikusita, Hezkuntza publikoaren alde lelopean, mobilizazio gehiago iragarri dituzte ondoko zazpi asteetan. «Nafarroako eskualde guzietara» hurbildu nahi dute, eta otsailaren 19tik apirilaren 9ra, asteazkenero lanuzteak egiteko deia egin dute, 09:00etatik 11:00etara. Argitu dutenez, «lanuzte horietan asanbladak eta elkarretaratzek eginen ditugu. Horrela, mobilizatzen eta gure haserrean adierazten segitzeaz gain, sindikatuok lehenbiziko eskutik izanen dugu irakasleen beharrak eta proposamenak aditzeko aukera».

Horrekin batera, oroitarazi dute «edozeinek asteazkenero lanuztea egiteko aukera» izanen duela, baina eurek egutegi bat proposatu dute, lanuzteak zazpi eskualdetan banatuta egiteko:

  • Otsailaren 19an Baztan-Bidasoan
  • Otsailaren 26an Lizarraldean
  • Martxoaren 12an Sakana-Larraun-Leitzaldean
  • Martxoaren 19an Zangoza aldean eta Pirinioetan
  • Martxoaren 26an Erriberan
  • Apirilaren 2an Tafalla aldean
  • Apirilaren 9an Iruñerrian

Astero zabalduko dute eskualde bakoitzeko proposamena, asanblada eta elkarretaratzeko puntuak eta hurbiltzera deitutako ikastetxeen zerrenda.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun