Lesakako Udalak, Fundación Emplearen laguntzarekin, Elizondo Lanbide Eskolarekin elkarlanean, hirugarren sektorea dinamizatzeko proiektu berri bati hasiera emanen dio Lesakan otsailaren 13an, ortzegun goizean eginen duten saio batekin. Saio honetan, Elizondo Lanbide Eskolako 27 ikaslek hartuko dute parte eta bortz Orduz ariko dira proiektua abiarazten eta ekimenean parte hartu nahi duten pertsonak erakartzen. Hautaketa prozesuaren kartela ere ortzegunean aterako dute.
Proiektua talde batek garatuko du 2025eko martxotik maiatzera bitartean, tokiko zerbitzuei lagunduko dieten hainbat proiektu piloturen bidez. Otsailaren 13an, diziplina anitzeko lantalde bat osatuko duten hiru pertsona hautatzeko izen-emateak irekiko dira, proiektua aitzinera eramateko. Hautatutako taldeak hainbat ekimen landuko ditu, hala nola, sentsibilizazio kanpaina bat, WhatsApp bidezko online salmenta eta aholkularitza zerbitzua eta lokal hutsak dinamizatzeko proposamen bat, tokiko ekonomia aktibatzeko eta udalerrian hirugarren sektorearen hazkundea sustatzeko.
Ekimen hau Fundación Empleak bultzatu eta Nafarroako Gobernuak kofinantzatutako Pueblos VIVID Herriak proiektuaren esparruan egindako lanetik abiatzen da, tokiko merkataritza indartzeko, ekintzailetza sustatzeko eta landa eremuan aukera berriak sortzeko.