Iruñeko Alde Zaharreko erremonte txapelketaren hamaikagarren edizioaren aurkezpena egin zuten astearte arratsaldean Iruñeko Kondestablearen Jauregian. Lehen mailan lau bikote ariko dira eta promozio mailan hiru bikote. ADANOren aldeko txapelketa izanen da eta Labrit pilotalekuan jokatuko diren jaialdietako sarrerako dirua minbizia duten Nafarroako haurren elkarte honetara bideratuko dituzte.
Lehen mailan, Zeberio II.a eta Otano, Xanti Uterga doneztebarra eta Barricart, Matxin III.a eta Ion eta Eloy Otxandorena eta David Mitxeo doneztebarrak izanen dira bikoteak. Lau bikoteak elkarren aurka lehiatuko dira sei jardunaldietan. Ligaxkako lehen sailkatua zuzenean sailkatuko da apirilaren 4ko finalerako eta bigarren eta hirugarren sailkatuek finalerdi bakarra jokatuko dute martxoaren 27an.
Promozio mailako bikoteak, berriz, Oses eta Arrizabalaga, Jon Sagaseta iruritarra eta Markel Leatxe donamariarra eta Xuban Iturregi iruritarra eta Mikel Mikelarena oiztarra izanen dira.
Final laurdenetako ligaxkako lehen jardunaldia otsailaren 14an, ortzirale arratsaldean jokatuko dute, 19:00etan hasita. Promozio mailan, Iturregi eta Mikelarena, Sagaseta eta Baztanen kontra ariko dira eta lehen mailako txapelketako partidan, Zeberio II.a eta Otano, Uterga eta Barricarten kontra.
Sarrerako dohaintza hamar eurokoa izanen da 22 urtez goitikoentzat, bortz eurokoa 16 eta 22 urte bitartekoentzat eta 16 urtez beheitikoak doan sartuko dira.