Erreserban zeuden Tokiko Inbertsio Planeko lanak eginen dituzte Donamarian eta Zugarramurdin

Ttipi-Ttapa 2025ko ots. 12a, 18:00

Donamariako Uxarrea auzoan ur hornidura eta saneamendu sareak berrituko dituzte.

2023-2025 aldiari dagozkio, eta udal eta kontzejuen hornidurarako, saneamendurako, euri-uretarako eta zoladurarako tokiko programazio lerroaren parte dira  

Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentuak, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, erreserbako 12 obra berri sartzea erabaki du, gehienez 2,3 milioi euroko balioarekin, 2023-2025 plangintzan Tokiko Inbertsioen Planaren (PIL) Tokiko Programazioaren lerroan. Nafarroako Gobernuaren ekarpenari esker 3,2 milioi euroko inbertsioak egin ahal izanen dira hornidura, saneamendu eta euri-uretarako sareetan eta udal eta kontzejuetako sare eta zuzkiduretan. Eskualdean, Donamarian eta Zugarramurdin eginen dituzte lanak.

Zehazki, Donamarian, Uxarreko ur hornidura eta saneamendu sareak berrituko dituzte eta Nafarroako Gobernuaren ekarpena, gehienez ere 167.445 eurokoa izanen da.

Zugarramurdin, berriz, frontoian ura sartzen dela eta, hezetasun arazoengatik, teilatua zaharberrituko da. Nafarroako Gobernuak, gehienez ere, 75.139 euro paratuko ditu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun