Junior mailako Nafarroako judo txapelketa irabazi du Legasako Gaxuxa Zelaietak

Ttipi-Ttapa 2025ko ots. 11a, 20:00

Errekako Gaxuxa Zelaieta eta Joanes Juanotena judokak, larunbatean Mendillorrin.

Joanes Juanotena doneztebarrak ez du podiumera igotzerik lortu kadete mailan, baina esperientzia pilatzen segitzen du

Nafarroako judo txapelketa jokatu da larunbat honetan Mendillorriko kiroldegian, zenbait kategoriatan. Errekako bi judokek parte hartu dute eta Legasako Gaxuxa Zelaieta Eulatek, 57 kiloz beheitiko junior kategorian, txapeldun izatea lortu du. Joanes Juanotena Iribarren doneztebarra, bere aldetik, 60 kiloz beheitiko kadete mailan lehiatu da, baina ez da podiumera igo.

Gaxuxa Zelaieta judoka podiumeko goitiko koxkan, Nafarroako txapeldun junior mailan.

Lehia estuaren eta urduritasunak gaindituz, garaipena lortu zuen Gaxuxa Zelaietak eta aunitz ikasi zuen gainera. Ikasketa hauek otsailaren 22an Iruñean jokatuko den Ipar Sektoreko txapelketarako baliagarria izanen du Legasako judokak. Hain zuzen, Espainiako txapelketarako sailkatzeko baliagarria izanen da txapelketa hau.

Gaxuxa Zelaieta Nafarroako txapeldunaren dominarekin.

Joanes Juanotena lauko ligan aritu zen, baina ez zuen garaipenik lortu. Hori bai, esperientzia berriak gehitu ditu bere motxilara eta ikasketa prozesuan lan bikaina egin zuen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun