Emaitza bikainekin hasi dute denboraldia eskualdeko lasterkariek

Ttipi-Ttapa 2025ko ots. 10a, 20:00

Hasi dira urteko lehen mendi lasterketak, eta denboraldia bikain hasi dute eskualdeko lasterkariek. Asteburuan jokatutako Kobaz Koba Trail eta Hiru-Herri Trail lasterketetan podiuma zapaldu dute Ane Elzaurdiak, Ainhoa Etxegaraik eta Jokin Arretxeak.

Atzo goizean egin zuten Kobaz Koba Trail proba Zestoan. 26 kilometroko proba luzea eta 16 kilometroko motza jokatu zituzten eta Ane Elzaurdia beratarra bigarren sailkatua izan zen proba motzean. Ordubete, 33 minutu eta 54 segundo behar izan zituen beratarrak proba osatzeko. Domusa Teknik taldearekin ari da lehiatzen aurten beratarra. Maddalen Jimenez beratarra podiumetik koska batera gelditu zen, laugarren postuan  ordubete, 35 minutu eta 39 segundoko denbora eginda.

Uharten, berriz, Hiru-Herri lasterketa jokatu zuten. Bi proba egin zituzten, 8 kilometrokoa eta 21 kilometrokoa. Proba luzean bigarren postua lortu zuen Ainhoa Etxegarai beratarrak, proba osatzeko 2 ordu, 10 minutu eta 33 segundoko denbora eginda. Berriki, gainera, Aiaramendi taldean hasi da lasterka Etxegarai.

Gizonezkoetan, Jokin Arretxea narbartearra hirugarren sailkatua izan zen ordubete, 49 minutu eta 20 segundoko denborarekin. Joseba Lasarte beratarra izan zen lehen beteranoa sailkapenean 18. postua lortuta eta Oihan Pikabea beratarra 26. lekuan sailkatu zen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun