Euskararentzat justizia eskatuz manifestazio nazionala deitu du Euskal Herrian Euskarazek apirilaren 6an Baionan

Ttipi-Ttapa 2025ko ots. 7a, 20:00

Euskararentzat eta euskaldunontzat justizia eskatzeko manifestazioa nazionala deitu dute apirilaren 6an Baionan.

Euskal Herrian euskaraz eragileak deituta manifestazio nazionala eginen da apirilaren 6an Baionan, euskararentzat eta euskaldunontzat justizia eskatuz. Apirileko lehen igandean 11:30ean abiatuko da.

Justizia euskararentzat!

Forma eta itxura desberdinez jantzita etorri arren, euskaldunon aurkako oldarraldiak, finean, helburu nagusi bat du: euskararen biziberritze prozesua oztopatzea eta euskaldunon hizkuntza eskubideetan atzerakada eragitea. Espazio nahiz eremu guztiak daude jopuntuan eta, bestelakorik sinetsarazi nahi badigute ere, erasoaldiak euskaraz bizitzeko eskubidea ukatzen digu. Oldarraldia judiziala izatetik haratago, politikoa, mediatikoa zein sindikala ere bada eta erasoaldi horren erantzuleek lotsarik eta ahobizarrik gabe dihardute diskurtso euskarofoboak sortzen eta haizatzen.

Hain justu, joan den abenduaren 7an, Euskaraz bizitzeko, Euskararen Errepublika lelopean, jendetza batu ginen Durangon eta zenbait alderdi, sindikatu, hedabide nahiz eragile sustatzen ari diren olatu erreakzionario eta atzerakoiaren aurrean planto egin genuen. Ohartaraziz jokabideok ez ditugula modu isolatuan ulertzen, oro har, mundu mailan ugaritzen ari diren jarrera faxisten eta eskuin muturren testuinguruan baizik. Hala, indar horiei aurre egiteko, euskararen aldeko olatu berri bat harrotzeko beharra azpimarratu genuen, faxismoaren aurkako eta askatasunaren aldeko fronte euskaltzalea, Euskararen Errepublika ipar izango duena.

Olatu hori harrotze bidean, manifestaldiaren bezperatan, eta Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, abenduaren 3an, Euskal Herrian Euskarazeko bi ekintzailek “Justizia euskararentzat” aldarria idatzi genuen, tinduz, Baionako Justizia Jauregiaren sarrerako horman. Desobedientzia ekintzagatik, bi kideak atxilotu eta apirilaren 11n epaituko dituzte ekintza egin zuten epaitegian bertan. Nolabait, euskaldunon eskubideak aldarrikatzeagatik eta horren erantzuleak seinalatzeagatik, hain zuzen, euskararentzat justizia eskatzeagatik, zigortuko dituzte. Kontrapuntuan, euskararen aurkakotasunaren aurrean, isiltasuna eta sistema judizialaren konplizitatea nagusitzen dira.

Justizia euskararentzat diogunean, justizia euskaldunontzat ere badiogu. Izan ere, euskaldunok gorpuzten dugu euskara eta, ondorioz, euskaldunak gara erasoaldi hori pairatzen dugun subjektuak, subjektu zapalduak. Zapalkuntzak euskaldunon eskubideen eta askatasunaren murrizketa eragiten ditu eta horrek gizarte bidegabeago baterako oinarriak elikatzen ditu.

Justizia ezaren adibideak egunerokoan bizi ditugu eta asko dira: 1) Lapurdin, Nafarroa Beherean, Zuberoan eta Nafarroa Garaiko zati handi batean, euskarak, bertako berezko hizkuntzak, ez du legezko ofizialtasunik aitortuta eta erakunde publikoetan euskara ukatu egiten da; 2) Oldarraldiarekin ikusten ari garen modura, bi konstituzio arrotzen pean, euskara ofiziala den lurraldeetan ere, ofizialtasunak muga ugari ditu eta erakunde publikoetan euskararen erabilera ez dago orokortuta; 3) Haur eskoletatik hasita, euskaraz ikasteko zein azterketak euskaraz egiteko ezintasunak eta oztopoak ugariak dira; 4) Baionako epaitegian eta, oro har, sistema judizialaren aurrean euskaraz aritzeko eskubidea ez da bermatzen; 5) Erakunde publikoetatik euskalgintzara bideratzen den dirulaguntza oso eskasa eta murritza da; 6) Hizkuntza paisaia, kasurik onean, elebiduna da eta Euskal Herriko herrien izenekin ariketa paradoxikoa egin da, horiek erdaldunduz; 7) Euskararen alde, gure eskubideen alde, egiteagatik, jazarpen politikoa nahiz ekonomikoa jasan behar izaten ditugu;...

Eskubide urraketa horien eta, horrenbestez, justizia ezaren aurrean, kikildu ordez, harrotasunez, desobedientzia ekintzak indartu eta kaleak hartuko ditugu. Hala, apirilaren 6an, 11:30ean hasita, Bainonan egingo den manifestazio nazionalera dei egiten ditugu euskaltzaleak. Euskararentzat nahiz euskaldunontzat justizia exijitzeaz gain, apirilaren 11n epaituko dituzten Euskal Herrian Euskarazeko bi ekintzaileekiko elkartasun ekimena izango da.

Euskal Herrian Euskaraz bizi nahi dugulako, justizia euskararentzat! justizia euskaldunontzat!

Euskaraz bizitzeko, Euskararen Errepublika!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun