Buruz buruko Masters txapelketako finala jokatuko dute Ansa II.ak eta Azpirozek

Ttipi-Ttapa 2025ko ots. 7a, 13:00

Ansa II.a eta Azpiroz, Masters txapelketaren finalerako aukeratutako pilotekin. Argazkia: Maialen Andres

Larunbatean 15:15ean Galarretan hasiko den jaialdiko bigarren partidan

Ansa II.ak jarraian irabazi ditu jokoan zeuden banakako azken lau tituluak (Masters Kutxabank 2023, Banakakoa 2023, Masters Kutxabank 2024, Banakakoa 2024) eta larunbatean Masters-ean hirugarren tituluaren bila aterako da. Azpiroz, iaz saiatu zen bezala, saiatuko da hori saihesten, baina ez zuen lortu. Uitzikoa da urnietarraren aurkaria 16:30ak aldera hasiko den final handian. Jaialdia 15:15ean hasiko da, Galarretan, eta finala bigarren partida izanen da.

Masterrak hamabosgarren edizioa beteko du Koteto Ezkurra doneztebarrak 2011n palmaresa estreinatu zuenetik. Bortz txapeldun ditu txapelketak historian: Ezkurra (2011 eta 2012), Urriza (2013, 2014, 2017, 2018, 2019 eta 2021), Uterga (2015 eta 2016), Barrenetxea IV.a (2020 eta 2022) eta Ansa II.a (2023 eta 2024).

Ansaren bertze garaipen batek palmaresean  goitian paratuko luke hiru txapelekin, Ezkurra, Uterga eta Barrenetxea gaindituz. Urriza bakarrik geratuko litzateke gainetik sei txapelekin.

Horretarako, Azpiroz gainditu beharko du, eta ez da aurkari erraza izanen. Ligaxkan Ansak erraz irabazi zuen, iazko finalean gertatu bezala. Lehenago ere izan dira aurrez aurre udako banakakoan. 2018an Azpirozek Ansa garaitu zuen atariko finalean 29-30. Eta 2019an ere irabazi zuen, ligaxkan, 27-30.

Katedrarako Ansa izanen da faboritoa, baina konfiantzarik gabe, Azpiroz erremontista sendoa baita. Koadroko seguruena da eta ez du deus oparitzen. Ligaxkan gakoa sakean egon zen. Piloteoan Azpiroz tantoak luzatzen dituen erremontista da eta erritmo motelagoarekin agintzen du. Erritmo motel hori pilotakada bizi eta oldarkorrago batekin hautsi nahiko du Ansak.

 

 

Imanol Ansa: «Borroka oso gogorra espero dut finalean»

«Loitegi botilleroak eta biok denetik aukeratzen dugu, baina garbi ikusten genuen Xabier pilota baxuak bila joango zela. Duda izan dugu bi biziagoak eta bat motelagoa aukeratzea, baina pentsatuta Xabik zer hartuko zuen hirurak biziak aukeratzea erabaki dugu. Oso ezberdinak dira guk eta beraiek hartu dituzten pilotak. Egia esan denetarik zegoen saskian, okerrak ere bai, eta guk gurearekin oso kontentu geratu gara. Ibiltzen dira, baina egokiak dira. Bereak baxuagoak dira, espero zena. Partidaren inguruan borroka oso gogorra espero dut. Xabi badakigu oso borrokalaria dela, ez du pilota bat galdutzat ematen. Beti izan da niretzat aurkari gogorra eta sufritzeko prestatuta nago. Ea lortzen dugun partidua gure aldera eramatea. Ligaxkan nahiz eta erraz irabazi nuen, hura pasa zen. Partida bakoitza zerotik hasten dugu eta, esan bezala, irabazi nahi duenak hasieratik egin behar du. Ondo ikusten naiz. Prestatu dut Masters hau eta egia esan oso gustura aritu naiz. Asko disfrutatu dut eta gustura nago orain arte egin dudanaz. Ea finalean borrokalari izaten naizen».

 

Xabier Azpiroz: «Bera da faborito, baina sakearekin asmatzen badut, final polita ikusten dut»

«Hasieratik esan du pilota biziak aukeratuko zituela eta horrela izan da. Nik aurkakoa egin dut, baxuagoak eta ea piloteoan sartzen garen. Imanolek daukan abiadurarekin partidua hautsi dezake. Horrek ez du esan nahi nik bere pilotak aterako ez ditudala eta berak nireak. Egia da, aurreko urtean partidu erditik aurrera hautsi egin zidan sakearekin eta hori ekidin nahi dut. Partidu erditik aurrera berak besoa fresko izaten du eta ez du nahi Imanolek saketik tanto asko egitea. Aurkezpenean esan zuen indartsu zegoela. Azken bi Buruz Burukoak eta bi Mastersak irabazi ditu, sekulako maila erakutsi du eta orain inoiz baino prestatuago ikusten dut fisikoki. Inoiz baino mentalizatuago eta zentratuago dago erremontean. Ordu libre asko entrenatzeko erabiltzen ditu eta egia esan gozamena da Imanol entrenatzen ikustea. Erreferente bat da. Hala ere aurretik ere irabazi diot eta beti esaten dut, koxka bat aurretik dago, baina 2018an eta 2019an pike ederrak izan genituen buruz buru. Egia da joko aldetik gora egin duela, baina nik ere irabazi dezaket. Banaka edozer pasa daiteke. Horri helduko diot. Polita izango da Imanol bezalako lagun baten aurka berriz ere jokatzea, baina bera da faborito. Ikusten dut final polita. Gazte helduak gara, gogoratzen naiz 2018an 30-29 irabazi nuen partida oso polita izan zela eta jendeak nola esan zuen aspaldiko buruz burukorik ederrena izan zela. Hori errepikatzea polita izango litzateke. Horretarako sakearekin asmatu behar dut eta hori lantzen aritu naiz».

 

Galarretako otsailaren 8ko jaialdia, 15:30ean hasita

  1. Urriza eta Zubiri, Aldabe eta Larrañagaren kontra, 3 jokotara
  2. Ansa II.a Azpirozen kontra, 30 tantotara KUTXABANK MASTERS FINALA
  3. Goikoetxea V.a eta Apezetxea, Gurrutxaga eta Martirenaren kontra, 3 jokotara

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun