Katalana eta galegoa ere eskuragarri daude ERRAN.EUS atariko itzulpen automatikoan

Ttipi-Ttapa 2025ko ots. 1a, 10:00

Asteartetik aitzinera ERRAN.EUS atariko erabiltzaileek bi hizkuntza gehiago dituzte eskura albisteen titularrak eta sarrerak automatikoki itzultzen dituen sisteman. Orain, testuak galegora eta katalanera ere itzultzen ditu sistemak, orain arte ingelesera, frantsesera eta ingelesera egin duen bezalaxe.

Itzulpen sistema hau 2024ko maiatzean jarri zuen martxan TOKIKOMek Alea.eus, Goiena.eus eta baita ERRAN.EUS webgunean ere modu esperimentalean, eta gerora zabaltzen joan da bertze hainbat toki komunikabidetara.

«Itzulpen sistemaren helburua ez da toki komunikabideon edukia osorik itzultzea: euskarazko komunikabideak gara eta halaxe jarraitu nahi dugu», nabarmendu du TOKIKOMeko Komunikazio eta IKT zuzendariak, Joxe Rojasek. Tresnaren bidez, «gugandik gertu baina euskarazko komunitatetik kanpo bizi direnei» hurbiltzeko aukera bat ematea dute helburua. «Teknologiak zubigintzarako aukera oparoa eskaintzen digu, eta ez diogu horri uko egin nahi izan», nabarmendu du Rojasek.

Etorkizunean hizkuntza gehiago

Laguntzako itzulpen sistemaren garapena ez da hemen geratuko. Tokikomek asmoa du hizkuntza gehiago gehitzeko sistemara, batez ere gure herrien bueltan mugitzen diren hizkuntza komunitate txikiei euskaldunokin bat egiten laguntzeko. «Erronka soziolinguistiko zein teknologiko handia da, baina bidelagun egokien bila ari gara lanketa osatu bat egin eta euskal komunitatearen ikuspegitik zentzua duen eskaintza egiteko, teknologiarekiko besterik gabeko liluran jausi gabe».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun