Urte berriarekin betera, solaslagunen taldeetan izena emateko epea ireki dute berriz. Irailaz geroztik, bederatzi talde dira Baztanen, Bortzirietan eta Malerrekan martxan direnak, baina Mertxe Gerriko Solaslaguna egitasmoko dinamizatzaileak TTIPI-TTAPAri adierazi dionez, «bada aukera talde eta zaletasun berriak proposatzeko».
Hala, «euskarak denok behar gaituela eta hizkuntzaren biziberritzeko prozesuan denok gure aletxoa paratzen ahal dugula» iritzita, euskaltzaleei egin die deia: «Zu ere euskaltzale bazara, eta ekimenean parte hartu nahi baduzu, euskaraz aritzeko gunean sartzen lagundu nahi baduzu, bai euskara praktikatu nahi duzulako, edo bai bertzeei laguntzeko prest zaudelako, eman izena». Labur.eus/solaslaguna loturan sartuta ematen ahal da izena, edo bertzela, 610 92 06 73 telefonora deituta.
Bide batez, egitasmoak zabaltzen segi dezan, «bidelagunen beharra» aldarrikatu du dinamizatzaileak: «Egunerokoan euskara erabiltzeko ohitura duten herritarrak dira bidelagunak, haien egitekoa ez da euskara erakustea, euskara praktikatu nahi dutenei laguntzea baizik; solasean ari direnean falta diren hitzak erraztuz, solas egiteko gaiak sortuz, azken finean, taldean ari direnean giro atsegina eta erosoa sortuz».
Bederatzi taldeak
Gaur-gaurkoz solaslagunen bederatzi talde biltzen dira astero Bortzirietan, Malerrekan eta Baztanen.
Astelehenetan talde bat Beran biltzen da, 18:30ean; asteartetan bi taldek egiten dute hitzordua Elizondon, 17:00etan batek eta 17:15ean bertzeak; asteazkenetan bertze bi talde elkartzen dira, horietako bat 16:30ean Iturenen eta bertzea 18:00etan Elizondon. Ortzegunetan Beran bertze talde batek egiten du saioa, 19:30ean; eta ortziraletan bi talde biltzen dira: 19:00etan Lesakan eta 19:30ean Donezteben.
Bederatzigarren taldeak asteburuetan egiten du geldialdia, mendi ateraldiak egiteko, baina ez du data zehatzik.