Dendaren 25. urteurrenean, «inoizko mendi bizikleta talderik onena» osatu du Katea Bikek

Ttipi-Ttapa 2025ko urt. 31a, 20:00

Agesta, Herrera, Merino, Bertiz, Agerre eta Mutuberria taldeko txirrindulariak, Joxemi Irigoien Katea Bikeko arduraduna tartean dutela. Argazkia: Jabier Iriarte

25. urteurrena beteko du aurten Berako Katea Bike txirrindula dendak. Izen bereko txirrindulari taldea berriagoa da eta, denboraldi honetan, sei txirrindulariz osatua dago. Joxemi Irigoien arduradunaren erranetan, «sortu zenetik, izan den talderik onena osatu dute aurtegoan».

Tartean hiru sunbildar izanen dira: 23 urtez beheitiko kategorian Eneit Bertiz Apezetxea (Sunbilla, 2005) eta Koldo Herrera Urroz (Sunbilla, 2003) eta M40 kategorian Igor Agesta Agirre (Sunbilla, 1978). «Connor taldean aritu ondotik, Bertiz Katea Bike taldera itzuli da eta Nafarroa nahiz Euskal Herri mailako punta puntako txirrindularia da, Herrera bezalaxe. Agestak, berriz, beteranotasuna ematen dio taldeari eta edozein motatako probatan aritzeko moduko kirolaria da».

Beraiekin batera, joan den denboraldian Rural Kutxa Kopan txapeldun izan zen Mikel Merino Olague (Iraizoz, 1999) eta Oihan Agerre Etxebertz (Almandoz, 2000) ariko dira elite kategorian eta Joseba Mutuberria Arregi (Leitza, 1988) M30 kategorian. Denboraldi honetan, Orbea etxeko bizikletekin lehiatuko dira Katea Bike taldeko txirrindulariak, egutegiko ahalik eta proba gehien eginez. Duela mende laurden bizikleta denda sortu zuenetik, inguruko txirrindulariei lehiatzeko aukera eman nahi die Joxemi Irigoienek: «Igantziko Xabi Telletxea zenarekin hasi ginen eta, geroztik, urtero taldea ateratzen saiatu gara, txirrindularitzan ez baitago aukera handirik gure inguruan. 25. urteurrenean orain arteko talderik onena izanen dugu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun