Hirugarren greba eguna dute bihar irakasleek

Ttipi-Ttapa 2025ko urt. 29a, 12:00

Urriaren 29an egin zuten ikasturte honetako bigarren greba eguna. Ordukoa da Leitzako Amazabal institutuko atean hartutako irudia.

Irakasleen lan baldintzak eta hezkuntza publikoaren kalitatea hobetzeko eskatuz, hezkuntza publikoko irakasleei grebarako deia egin diete Steilas, LAB, CCOO eta ELA sindikatuek. Ikasturte honetan hirugarren greba eguna izanen da biharkoa.  

Irakasleen lan baldintzak eta hezkuntza publikoaren kalitatea hobetzeko eskatzen dute sindikatuek. Alde batetik, «ikasleei eta norbanakoari kalitatezko arreta eman ahal izateko eta beharrak asetzeko, geletako ikasle kopurua murriztea» nahi dute, baita «irakasleen gainzama» arintzea ere: «Zuzeneko arreta ongi bermatzeko eta kalitatezkoa izan dadin, prestakuntza orduak behar dira. Baina programez, gehiegizko burokraziaz, proba diagnostikoez, bilerez, ebaluazioez eta bertzelako lanez goitiraino itotzen dituzte irakasleak, ikasleek merezi duten kalitatean zuzenean eragin kaltegarriak izanik». Horrekin batera, «irakasle plantillen ezegonkortasuna» gaitzetsi dute: «Gaur egun, irakasle plantillaren % 50 inguru bitarteko irakasleak (interinoak) dira» eta horrek «ikasleen jarraipenari eta eskolako funtzionamenduari kalte» egiten diotela gaineratu dute.

Sindikatuek kontatu dutenez, atzo greba komiteari bilerara joateko deia egin zion Hezkuntza Departamentuak, baina sindikatuek salatu dutenez, «bertze behin, gogogabe eta bilera batere prestatu gabe» agertu ziren.

Sindikatuen arabera, «zerbitzu minimoak gehiegizkoak direla salatu eta irakasle guztien grebarako eskubidea bermatuko duen proposamena» aurkeztu zuten Hezkuntza Departamentuan. Eta bertzetik, «azaroaren 18an Carlos Gimeno Hezkuntza Kontseilariak alde bakarretik itxi zuen negoziazio mahaia berrabiarazteko» exijitu zuten, baita «foro hori Hezkuntza Itunaren balizko negoziaziotik deslotu dezala ere».

Baina aldarrikapenak bere horretan gelditu ziren sindikatuen hitzetan: «Hezkuntza Departamentuak bertze behin ezezkoa eman die gure aldarrikapen guztiei». Hala, biharko greba deialdia berretsi dute azken orduotan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun