Goiuri Zabaletak eta Osesek binakako txapelketako ligaxkarako txartela lortu dute tanto bakarragatik

Ttipi-Ttapa 2025ko urt. 27a, 19:00

Goiuri Zabaleta pilota astintzen Amezketan, Aldai, Oses eta Nahia Bertiz sunbildarra begira dituela. Tanto bakarragatik lortu zuten gorriek bigarren postua eta ligaxkarako txartela.

Amezketan jokatutako partidan 22-21 irabazi zieten Aldairi eta Zabalaren ordez aritu zen Nahia Bertiz sunbildarrari

Herri pilotazalea da Amezketa eta igandean ere erantzun bikaina eman dio Emakume Master Cupeko Binakako Txapelketa Nagusiari, bertan jokatu den jaialdian Larrunarri pilotalekua goraino betez. Lehen partidan, multzoko bigarren postua zegoen jokoan eta tanto bakarragatik lortu zuten Goiuri Zabaleta leitzarrak eta Osesek, Aldairi eta Zabalaren ordez aritu zen Nahia Bertiz sunbildarrari 22-21 irabazita.

Txapelketa nagusiko lehen partida zen Bertizentzat, baina ez zen kikildu eta Aldairekin batera, 9-0 irabazten hasi zen. Baina leitzarrak eta oñatiarrak pixkanaka-pixkanaka partidan sartzea lortu zuten eta gidoia erabat aldatu. Lehenengo markagailua orekatzea lortu zuten eta hortik aurrera gora-behera handiak izan ziren jokoan. Are gehiago, Zabaleta-Oses 21-17 ere aurreratu ziren, baina urdinek berdindu eta azken unera arte sufritu behar izan zuten bigarren puntu eta bigarren postu hori eskuratu ahal izateko. 

Bigarren partidan Olatz Arrizabalaga nabarmendu zen. Orain arteko beste bi jardunaldietan bezala, aurrelari gernikarrak gainontzekoek baina martxa bat gehiago duela erakutsi zuen, saketik hasita, partidaren agintea berea izan zen une oro eta, Arrate Bergarak lagunduta, A multzoko lehen postua ziurtatu zuen Garai-Mendizabali 22-7 gailenduta. Lehen fase honetan jokatutako hiru partidak irabazi dituzte Arrizabalaga eta Bergarak eta Garai-Mendizabalek, aldiz, ez dute punturik batzerik izan eta taldeko azken postuan sailkatu dira.

Hurrengo asteburuan Arrigorriagan jokatuko da B Multzoko azken jardunaldia eta bertan ezagutuko dugu zein bi bikotek osatuko duten goi mailako txapelketa handi honen bigarren ligaxka, Arrizabalaga-Bergara eta Zabaleta-Oses bikoteeekin batera. 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun