Ainhoa Etxegarai bigarren izan da snowrunning modalitateko Espainiako txapelketan

Ttipi-Ttapa 2025ko urt. 21a, 15:00

Ainhoa Etxegarai, Oihan Pikabea eta Beñat Albisu Belaguan.

Ez da gure inguruan korrika egiteko modalitaterik ezagunena, baina eskualdeko hiru korrikalari Nafarroako selekzioarekin aritu ziren urtarrilaren 18an Belaguan jokatutako Espainiako snowrunning lasterketan (elurretan lasterka): Manttale taldeko Ainhoa Etxegarai eta Oihan Pikabea beratarrak eta berriki arte Manttale taldean aritu ondotik, orain Aiaramendi taldean ari den Beintza-Labaiengo Beñat Albisu. 

Parte hartu ez ezik, horietatik bi podiumera igo ziren. Ainhoa Etxegarai bigarren izan zen emakumeen promesa mailan eta Beñat Albisu hirugarren gizonezkoen junior mailan. Oihan Pikabea zortzigarren izan zen junior mailan.

Albisuk eta Pikabeak 6,96 kilometroko ibilbidea osatu behar izan zuten. Albisuk 34 minutu eta 42 segundu behar izan zituen ibilbidea osatzeko, eta Pikabeak, aldiz, 37 minutu eta 44 segundu. 

Etxegarairi dagokionez, 12,92 kilometroko ibilbidea osatu zuen  ordubete, 23 minutu eta 17 segundoko denboran. TTIPI-TTAPAri kontatu dionez, esperientzia berezia izan da lasterketa. «Hagitz-hagitz proba gogorra izan zen. Gauez, izugarrizko hotzarekin, eta elurretan aitzinera egitea aunitz kostatzen da, baina esperientzia bezala hagitz berezia izan da». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun