Eskualdeko haibat bertsolari saritu dituzte Iruñeko V. Bertsopaper Lehiaketan

Ttipi-Ttapa 2025ko urt. 17a, 13:30

Aurten ere gazteen mailako lehenengo eta bigarren saria lortu ditu Kattin Madariaga Apaolaza aranztarrak.

Iruñeko Udalak borzgarren aldiz egin du Bertsopaper Lehiaketa, eta eskualdeko hainbat bertsolari saritu dituzte. Enaitz Zestau beratarrak irabazi du sariketa haurren mailan, Kattin Madariaga aranztarrak gaztetxoen mailan eta helduen mailan bigarren eta hirugarren sariak lortu dituzte Joanes Illarregi leitzarrak eta Erika Lagoma lesakarrak.

Enaitz Zestau Telletxea beratarrak Palestinako auzia lantzen duen Itzaleko argia bertso sortari esker irabazi du A kategoriako lehen saria. Epaimahaiaren hitzetan, «gaurkotasun handiko Palestinako gaia jorratzen du, doinu solemne egokia erabiltzen du, eta bukaeran positibismo apur bat ere nabaritzen da».

Bigarren saria Araia Irigibel Terrerosentzat izan da, Mundu eder bat bada izeneko lanagatik. Hirugarren saria ere Enaitz Zestau Telletxea beratararren Sakelekoa lanarentzat izan da. «Neurriaren aukeraketa ausarta» azpimarratu du epaimahaiak, «txukuna eta freskoa». Kategoria honetako irabazleek 150, 100 eta 50 euroko txatrtela eskuratuko dituzte, hurrenez hurren.  

B kategorian 3 lan aurkeztu dituzte, eta iaz bezala, lehen saria Kattin Madariaga Apaolaza aranztarrarentzat izan da, Hainbertze gauza pasatzen dira lanarengatik. Sorta horrek «neurri luzea baliatzen du, hitz joko onak ekarriz» epaileen arabera; «Palestinari buruz heldutasunarekin eta sakontasun handiarekin hitz egiten du, hausnarketara bideratuz".

Bigarren saria ere  Kattin Madariagarentzat izan da,  Hasieran ez zegoen ezer lanagatik. Epaimahaiaren arabera, «neurri motza bikaineko moduan erabiltzen du» sorta horrekin: «gai arin batekin, testuari kalte egin gabe hitz eta erritmo joko politak lortu ditu». Hirugarren saria, azkenik, Kattalin Lizarraga Mendia leitzarrak lortu du, Txirrina kantari lanarengatik. Testu horretako «xehetasun txiki askoren erabilera» nabarmendu du epaimahaiak: «nerabe baten egunerokotasunaren inguruko kontakizuna oso ongi irudikatzen da kontakizunean». Irabazleek 350, 200 eta 150 euroko ordainsariak eramanen dituzte, hurrenez hurren.

C kategorian Eneko Lazkoz Martinezek irabazi du lehen saria, Inoiz ez da berandu! Edo agian bai? izenburuko lanarekin. Bigarren saria Joanes Illarregi Marzol leitzarraren Manuelen ahotik lanarentzat izan da. Epaimahaiak, kasu honetan, «Manuel Lasarte bertsolariaren azaletik, egungo gizartea erakusten digu», horretarako «hitz joko eta errima izugarri aberatsak» erabiliz.  Hirugarren saria, azkenik, Erika Lagoma Pombar lesakarrarentzat izan da, Inozentzi: garbitzen duena lanagatik. «Hitanoaren erabilera egokia» nabarmendu du epaimahaiak, «emakume garbitzaile baten bizipenak deskribapen ederren bidez kontatzen ditu». Irabazleek 1.500, 1.000 eta 500 euroko ordainsariak eramango dituzte, hurrenez hurren.

Denera 28 bertsopaper aurkeztu dituzte sariketara, eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak hala erabakita epaimahaia Cesar Etxeberriak, Eneko Fernandez lesakarrak eta Saioa Mitxelena beratarrak osatu dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun