[Gutuna]: Hezkuntza Departamentuaren jarrera itxiaren aitzinean, maisu-maistra eta irakasleak karrikara, borrokara!

Ttipi-Ttapa 2025ko urt. 16a, 16:00

Nafarroako hezkuntza publikoko irakasleak grebara deituak daude urtarrilaren 30ean, eta idatzi honetan, Nora Salbotx Alegria LABeko irakaskuntza publikoko delegatu sindikalak ere grebarekin bat egiteko eskatu du. Bere hitzetan, hezkuntza publikoak urteak daramatza «gainbeheran» eta «aldaketarako premia larrian» dago. Hala, borrokarako deia egin du: «Soilik horrela eginen dugu aitzinera gure lan baldintzen hobekuntzan eta soilik gisa horretan lortuko dugu ortzi mugan dugun kalitatezko hezkuntza publikoa».

Urteak daramazki hezkuntza publikoaren kalitateak gainbeheran. Hezkuntzan inbertsioa ez da nahikoa eta ez dira inondik ere nazioarteko estandarrak betetzen. Horrek erran nahi du ez ditugula baliabide pertsonal zein material nahikorik planteatzen zaizkigun erronkei erantzuteko. Hori gutxi ez eta Gimeno buru egiten duen Departamentuak erakutsi duen jarrera zinez itxia izan da, aldika erasokorra ere bai (absentismo tasa altuak ditugula erranez, 55 urtetik goitiko irakasleen kontrako erasoa...).

Hondar ikasturteetan hainbat saiakera egin ditugu hau guztia bideratu zedin: mahai sektorialak, lan taldeak... LABen negoziazioaren aldeko jarrera erakutsi dugu beti, baina emaitzak eskasak izan dira aldiro eta Gimeno eta Hezkuntzaren aitzakiak aldiz, hamaika.

Hori dela eta, joan den ikasturte akaberan hezkuntza publikoko sindikatu guztiok bat egin genuen, aski da! erran eta gure aldarrikapen taula osatu genuen. Hezkuntza Departamentuak darabilen aitzakia deuseztatu nahi genuen; diru iturririk ez dagoela, alegia. Horregatik, ikasturte hasieran kokatu genuen borroka fase berria, ezohikoa izanen zela iragarriz. Aurrekontuak negoziatzen ari ziren epean eragitea izan zen gure asmoa eta, hein batean, lortu genuela aitortu beharra dago; egindako mobilizazioek sekulako arrakasta izan dute, Nafarroako agenda politikoan gaude gaur egun eta jendarteak ere gure aldarrikapenekin bat egitea lortu dugu. Antolakuntzak eta mobilizazioak eman du bere uzta, beraz.

Lehenbiziko greba eguna arras arrakastatsua izan zen. Milaka irakaslek greba egin zuten eta Nafarroako karrikak bete genituen. Hala ere, ez genuen Gimenoren erantzunik hartu ondoko egunetan. Beraz, irakasleon babesa ikusirik, sindikatuok aitzinera egitea erabaki genuen aho batez eta bigarren greba deialdia iragarri. Egoerak gaindituta, Hezkuntza Departamentua behartu genuen gurekin elkartu eta negoziazio prozesua abiatzera baina, agerian gelditu denez, behartuta, presionatuta eta negoziatzeko benetako borondaterik gabe azaldu dira. Horren ondorio izan dira aurkeztu dituzten proposamen eskasak, aski urrun daudenak gure aldarrikapenetatik. 

Akordio zabaletara ailegatzeko aukera zegoela uste dugu zintzoki, baina Hezkuntza Departamentuak zapuztu egin ditu. Horren ordez, gutxiengo sindikala osatzen duten hiru sindikaturekin negoziatzea erabaki du.

Bizkitartean, LABen oraindik ere uste dugu hezkuntza sistema aldaketarako premia larrian dela, ez baikara maisu-maistra eta irakasleak egoera honetan kaltetu bakarrak. Hezkuntza Laguntza Espezialistako lankideek ere greba egun arrakastatsua izan zuten pasa den azaroaren 14an, 0-3 zikloan konpondu gabeko aldarrikapen taula luzea dute mahai gainean, ikasleek mobilizazio berria iragarri dute…

Ikasturte hasieran hasi genuen bidea geldiezina da eta urtarrilaren 30eko grebaren bidez horrela erakutsiko dugu berriz ere. Borroka luzea eta neketsua izanen da akaso, baina, jakin, badakigu, garaipenak ez direla egun batetik bertzera lortzen. Epe luzeko ikusmiraz eta etengabeko lanari esker lortuko ditugu. Soilik horrela eginen dugu aitzinera gure lan baldintzen hobekuntzan eta soilik gisa horretan lortuko dugu ortzi mugan dugun kalitatezko hezkuntza publikoa. 

Batu ilbeltzaren 30eko grebara!
Zuekin, bagara; zuekin, GREBARA!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun