«Joan den iraileko eta urriko grebek ez dizkiote, nonbait, begiak irekiarazi Hezkuntza Departamentuari. Itxura denez, ez du entenditu zeintzuk diren Nafarroako hezkuntzaren benetako beharrak. Izan ere, sindikatu guztiok egiten ari ginen negoziazioa, hala deitzerik badago, alde bakarrez utzi baitzuen bertan behera. Zertarako eta soilik hiru sindikaturekin langileen gehiengoaren beharrei erantzuten ez dien akordio eskas bat sinatzeko». Halaxe adierazi dute Steilas, LAB, CCOO eta ELA sindikatuek ohar bidez.
Hala, «Hezkuntza Departamentuak jarrera guztiz itxiarekin» segitzen duela ikusita, «egiazko negoziazioa» eskatuz egin dute grebarako deia. Euren hitzetan, «mobilizazioa da bide bakarra; indar erakustaldien bidez soilik lor baitaiteke departamentuak bere jarrera aldatzeko baldintzak sortzea».