Ttipi Txartela dutenen artean 200 opari baino gehiago banatu ditu TTIPI-TTAPAk 2024an

Ttipi-Ttapa 2025ko urt. 11a, 11:00

Opariak ematen dituzten laguntzaileetako batzuk. 200 opari baino gehiago banatu zituen iaz TTIPI-TTAPAK.

Bertako berriak ematen ditu euskaraz TTIPI-TTAPAk egunero edizio digitalean eta hamabortzero etxean eta tokiko merkataritza babestu eta elkar laguntzeko konpromisoa ere badu. Horregatik, TTIPI-TTAPA laguntzen dutenek hainbat abantaila eta sari lortzeko aukera izaten dute elkarlan horri esker.

Bukatu berri den urtean ere hainbat eta hainbat izan dira Ttipi Txartela dutenen artean banatu diren sariak. Konparazio batera, hamabortzero aldizkariarekin batera egiten diren zozketetan 200 sari baino gehiago banatu dira. 34 enpresak eta hainbat argitaletxek emandako opariak izan dira. 

Horrez gain, Ttipi Txartela duten lagunek urtero hainbat zozketatan parte hartzeko aukera izan dute. Errigorako lau sari saski zozketatu zituen TTIPI-TTAPAk 2024an, baita bertso txapelketetako eta Gure Zirkua ikusteko sarrerak ere. Gainera, Berako eta Lesakako Udalaren eskutik hainbat antzerki, kantaldi eta kultur ekitaldietarako sarrerak zozketatu ziren.

Zozketez gain, txartela izategatik 56 enpresa eta zerbitzutan deskontuak izaten dituzte Ttipi Txartela dutenek. Deskontuak egin eta opariak ematen dituzten lagunen elkarrizketak laburrak argitaratzen ditu TTIPI-TTAPAk horien lana ezagutarazteko asmoz.

Nola lortu Ttipi Txartela?

Ttipi Txartela eginez, euskarazko eta  bertako komunikabidea laguntzeaz gain, eskualdeko merkataritzari bultzadatxo bat emateko aukera izanen duzu. Txartela egiteko biderik errazena TTIPI-TTAPAra deitzea da 948 63 54 58 eta hor behar adina argibide emanen zaizkio interesatuari.

Dena den, laburbilduz, hona hemen oinarrizko azalpenak: Ttipi Txartela bi urtero berritzen da, per­tsonala da (erabiltzailearen izen-deiturak eta karnetaren zenbakia ditu idatziak), denda edota zerbitzuren batean erabiltzerakoan Txartelarekin batera Nortasun Agiria ere erakutsi beharko da dituzten deskontuez baliatzeko. Aurtengo martxoan hartuko dute etxean bazkideek Ttipi Txartela berria.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun