[GUTUNA]: PAIren biktima guztiak

Ttipi-Ttapa 2025ko urt. 10a, 18:00

PAI ingelesezko irakaskuntza programaren «biktimez» mintzo dira Steilas sindikatuko Miren Ustarroz Goñi eta Raul Lopez Ekai idatzi honetan. Euren hitzetan, «Biktima guztiek iceberg moduko multzo bat osatzen dute, eta ur azpian biltzen dira gehienak». Eta bide beretik, «irakasleak, ikasleak eta familiak kaltetzen dituen politikarekin jarraitzea» leporatu diote Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari.

PAIk –ingelesezko irakaskuntza programa– sortutako biktimak ez dira bakarrik PAIren Legeak eragindako egonkortze prozesuari esker funtzionarizatutako irakasleak, baizik askoz gehiago. Batzuei nolabaiteko ikusgarritasun mediatikoa eman zaie Steilasek jarritako errekurtsoaren ondorioz; gehienak, alabaina, ikusezinak dira. PAIren biktima guztiek iceberg moduko multzo bat osatzen dute, eta ur azpian biltzen dira biktima gehienak.

Irakasleak egonkortzeko prozesua PAI lanpostuetarako izan da, batez ere Haur eta Lehen Hezkuntzan. Ia ez da lanposturik atera gaztelaniaz edo euskaraz emateko Haur eta Lehen Hezkuntzan. Irakasleen gehiengoak urte gehiago daramatzate lanean eta, sarritan, beste oposizio batzuk gainditu dituzte, funtzionario bihurtu gabe. Irakasle horiek egonkortze prozesutik kanpo gelditu dira eta, are okerrago, kalte ordainetatik ere baztertu dituzte, egonkortze prozesuan funtzionario ez bihurtzeagatik.

Izan ere, azken hamalau urteetan behar baino askoz lanpostu gutxiago deitu dira, PAIrako gordetzen ari baitziren. Horrek esan nahi du hezkuntza publikoan urte ugari daramaten pertsona anitzek kontratu prekarioak dituztela, edo langabezian daudela. Hezkuntza Departamentua PAIn irakasten duten langileen bitartekotasun edo interinitate tasa murrizteaz besterik ez da arduratu, baina ez irakasle gehienena. Irakasle publikoek % 50eko bitarteko tasa dute, Kontuen Ganberaren azken fiskalizazio txostenaren arabera.

Nafarroak irakaskuntzako funtzio publikoan sartzeko lege bat du, beste autonomia erkidego batzuek ez bezala, eta bertan oposizio probak lanpostu horren irakas-hizkuntzan egitera behartzen da. Lege hori Carlos Gimenok berak sustatu zuen 2017an, ustez irakasleen hizkuntza maila bermatzeko gaztelaniazko eta euskarazko lanpostuetan. Baina horren kontra erabat, ez dira ingelesez egin PAIko lanpostuetarako probak, dagokion legeak xedatu legez eta, beraz, argi gelditzen da ingelesaren kasuan ez zaiela axola irakasleen hizkuntza maila, edo agian pentsatu zuten oposiziogileen zati handi batentzat oztopo gaindiezina izanen zela probak hizkuntza horretan egitea.

Oposizioetako probetan PAIri buruzko 2017ko Legearekin koherentziarik ez duten hizkuntza eskakizunek erakusten dutenez, ingelesaren ikaskuntza hobetzea ez da inoiz izan programa hori ezartzeko benetako arrazoia, Yolanda Barcinak berak adierazi zuen bezala, aitortu baitzuen PAIren hedapenak euskararen irakaskuntza eta euskarazkoa oztopatu besterik ez zuela nahi.

Gainera, engainatzeko asmoz programa bat ezarri da eta, beraz, ikasgaien mailaren kalitateak behera egin du, ingelesa modu desorekatuan ikasten da, zailtasun handienak dituzten ikasleentzat eragozpen gehigarri bat da, eskola segregazioa areagotu da, baita familien gainkarga ere, ingelesezko kanpoko laguntza gehiago behar delako.

Noiz arte utziko diote Hezkuntza Departamentuari irakasleak, ikasleak eta familiak kaltetzen dituen politikarekin jarraitzea?

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun