Autobusak Elizondotik, Doneztebetik, Leitzatik, Lesakatik eta Beratik
Bilbora joateko autobusa 14:15ean aterako da Elizondotik eta izena Erratzuko Zubi Punta eta Elizondoko Intza ostatuetan eman behar da. Elizondotik aterako den autobusa, gero, Donezteben sartuko da. Malerrekako kasuan, 689 40 75 08 telefonora deituta eman behar da izena. Autobusa bete arte ematen ahal da izena.
Leitzan ere autobusa antolatu dute eta 15:00etan aterako da Herri Aretotik. Izena Torrea eta Peritza tabernetan edo Maimur eta Astiz liburu dendetan eman behar da eta gaur da horretarako azken eguna. 15 euro ordaindu behar dira, eta umeek doan izanen dute.
Lesakako autobusa 14:30ean suhiltzaileen parketik aterako da. Joan nahi dutenek Arrano ostatuan eman beharko dute izena eta gaur da apuntatzeko azken eguna. Lesakatik ateratako autobusa Beran sartuko da gero, eta handik joanen dira Bilbora.
Atxikimendua
Sarek oroitarazi duenez, «azken hamar urte hauetan konponbidearen, elkarbizitzaren eta bakearen aldeko lana izan dira Sareren ezaugarri nagusiak, eta halaxe izanen dira aitzinera begira ere, gure mugimendua sortzean paratu genituen helburuak lortu arte: konponbide integrala lortzea gure herrian indarkeria eta sufrimendu urteek utzitako ondorio guztietarako». Hala, «Behin betiko konponbidearen, bakearen eta elkarbizitzaren unea» dela aldarrikatu nahi du larunbatean Bilboko karriketan. Manifestazioa 17:00etan abiatuko da Casillatik eta ohi bezala, Bilboko udaletxean bukatuko da.
Manifestazio aitzinean joanen den pankarta hauek eramanen dute: Rosa Rodero (ETAren biktima), Ane Muguruza (estatu indarkeriaren biktima), Emilie Martin (Bakebidean), Martxelo Otamendi (Berriako zuzendari ohia), Garazi Hach Embarek (eskubideen aldeko eusko-saharar ekintzailea), Arantza Aldezabal (EHUko Irakaslea), Amaia Izko (abokatua), Eva Ferreira (Harrera), Patxi Biskert (aktorea), Jose Luis Elkoro (Bergarako alkate ohia), Rafael Larretxea (Senidea) eta Sare Herritarreko Bego Atxa eta Joseba Azkarraga.
Bertzalde, Sarek jakinarazi duenez, hainbat eragileren babesa izan du manifestazioak; bertzeak bertze, EH Bildu, EH Bai, Junts, ERC, CUP eta Més Per Mallorca alderdiena; ELA, LAB, ESK, STEILAS, HIRU, EHNE, CGT, CNT eta ETXALDE sindikatuena edota Bakebidean, Egiari Zor, Gure esku Dago, Paz con Dignidad, Harrera, Etxerat, Ernai, ANC, Omnium Cultural eta Kataluniako abokatutzaren Koordinadora elkarteena. Gaineratu duenez, «kultura, unibertsitate, kirol eta abarren arloko pertsona ugarik» ere adierazi diote manifestazioari atxikimendua.